Azpeitian jokatuko dute banakako Gipuzkoako Xake Txapelketa Nagusia

Uztarria.eus 2017ko urr. 3a, 18:37

Urriaren 14tik azaroaren 25era, zazpi jardunalditan banatuko da lehia. Zapatu arratsaldez izango dira partidak, Baigerako azken solairuan, 16:00etan hasita. Eskualdeko bigarren eta hirugarren mailetako txapelketak ere jokoan izango dira.

Azpeitia izango da 2017ko banakako Gipuzkoako Xake Txapelketa Nagusiaren egoitza. Urriaren 14tik azaroaren 25era, zazpi jardunalditan banatuko da lehia; horrela, bi data horiekin batera, urriaren 21ean eta 28an, eta azaroaren 4an, 11n eta 18an izango dira txapelketaren egunak. Zapatu arratsaldez izango dira partidak, bat jardunaldiko, Baigerako azken solairuan, 16:00etan hasita.

Gipuzkoako maila goreneko txapelketaz gain, eskualdeko bigarren eta hirugarren mailetako partidak ere jokatuko dituzte herrian. Xaputarrak xake taldeak hiru mailetan izango ditu ordezkariak. Klubaren ordezkariek esan dutenez, "ez dute lan errazik izango azpeitiarrek".