Gaur jarraituko dute Kataluniari elkartasuna adierazteko mobilizazioek

Uztarria.eus 2017ko urr. 3a, 13:40
Urriaren 1ean plazan egin den kontzentrazio zaratatsuko argazkia. (Maialen Etxaniz)

Kazerolada deitu dute 22:00etarako. Ostegunean, aldiz, asanblada irekia egingo dute gaiari aurrerantzean zer trataera eman hitz egiteko. Gehiengo sindikalak, bere aldetik, elkarretaratzeak deitu ditu atseden-ordurako. Udal Gobernuak eta udal langileek zein San Martin egoitzak bat egin du deialdiarekin.

Urriaren 1ean Katalunian independentziaz egin zen erreferendumaren ostean, jarraitu egiten dute Kataluniari babesa erakusteko eta errepresioaren aurkako protestek. Joan den igandean egindako kazerolada jendetsuaren ostean, gaur, hilak 3, berriro deitu dute kontzentrazio zaratatsua gauerako. Hitzordua 22:00etan jarri dute, eta herritarrei dei egin diete plazara hurbildu edo balkoietara irten daitezen, lapikoekin zarata ateratzera. 

Gehiengo sindikalak – LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek– bere aldetik, elkarretaratzeak deitu ditu atseden-ordurako. Langileei lantoki aurrera ateratzeko dei egin diete, Kataluniarekiko elkartasuna adierazteko. Bat egin dute deialdiarekin Udal Gobernuak, udal langileek eta San Martin Egoitzak.

Bestalde, ostegunean, urriaren 5ean, errepresioaren aurka zer jarrera hartu eta Kataluniari babesa nola erakutsi erabakitzeko eta iritziak elkarbanatzeko asanblada egingo da Sindikatu Zaharrean, 18:30ean hasita.