Emakumeak erasotzeari uzteko aldarria, plazara

Uztarria.eus 2017ko urr. 2a, 21:41

Emakumeenganako erasoekin amaitzea eskatzeko eta azken asteetan Euskal Herrian jazotako eraso matxistak salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur plazan. Basanderiek Emakume Gazteen Asanbladak eta Emakumeen Mahaiak deitu dute elkarretaratzea, eta deialdira batu da Udala. 

Joan den astean emakume bat hil zuen haren bikotekideak Sestaon. Duela bi aste, berriz, bortxatuak izan zirela salatu zuten Gasteizen hiru emakumek. Bi gertakari horiek eta emakumeei egindako eraso oro salatzeko deitu dute elkarretaratzea. "Denok dakigu kasu hauek ez direla isolatuak. Izan ere, genero indarkeria da 15 eta 44 urte bitarteko emakumeen heriotzen kausa nagusietako bat", esan dute elkarretaratzearen deitzaileek. Era berean, adierazi dute "nazkatuta" daudela eraso horiek "legitimizatzen" dituzten genero roletaz, eta batez ere "nazkatuta" daudela "sistema heteropatriarkal honen ustelkeriaz". Hala, "argi" dute biktimei erakutsi beharreko babesa "ezinbestekoa" dela: "Badakigu bat egin behar dugula erasotzaileek uler dezaten emakume bat erasotzen dutenean emakume oro erasotzen gaituztela". Eraso matxista orori "erantzuna emateko prest" daudela gaineratu dute.

(Argazkia: Maialen Etxaniz)