Ikasturte hasierako batzar irekia egingo du Gaztetxeak ostiralean

Uztarria.eus 2017ko urr. 2a, 20:20

Batzarrean hizpide izango dituzte, besteak beste, datozen hilabeteetako funtzionamendua eta aurreikusten dituzten berrikuntzak. Gaztetxetik dei egin diete ikasturtean zehar bertan parte hartu nahi duten herritarrei, ostiralerako batzar irekira joatera animatu daitezen.

Uda bukatu zenetik, Gaztetxean kontzertuak, afari bejetarianoa eta beste ekintzaren bat edo beste egin badituzte ere, datorren ostiralean, hilak 6, ekingo diote ikasturteari, urtero egin ohi duten batzar irekiarekin batera. 18:30ean hasiko dira batzarrarekin.

Bertan, besteak beste, datozen hilabeteetan izango duten funtzionamenduaren berri eman eta zein taldetan antolatuko diren azalduko dute. Era berean, Gaztetxean aurreikusten dituzten berrikuntzak izango dituzte hizpide batzarrean. Azalpenak eman eta solasean aritu ostean, 21:00ak aldera, luntxa egongo da bertaratzen diren guztientzat. 

Gaztetxetik azaldu dutenez, garrantzitsua da ikasturtean zehar gaztetxean parte hartu nahi duten herritarrak ostiralerako batzar irekira joatea. Horregatik, dei egin diete Gaztetxean interesa izan dezaketen gazteei bertaratu daitezen. 

Batzarraren osterako, kontzertuak

Hitzegindakoak hitzeginda eta sabelak beteta, 22:00etan hasita kontzertuak izango dira Gaztetxean. Hiru talde dira ostiralean Gaztetxeko oholtzara igoko direnak: The Birras Terror (Madrid Punk-Rock), Baserriko Ollaxkue Labien (Ollateiko Punke) eta Obsesion Fatal (Baraka Punk-Rock).