Kataluniarrek jasandako indarkeria salatu eta egin duten demokrazia ariketa txalotu du Udal Gobernuak

Uztarria.eus 2017ko urr. 2a, 17:50

Indarkeria erakustaldien bidez boto eskubidea urratzeko egindako ahalegin guztiak gaitzetsi dituzte udal ordezkariek. Udal Gobernuak zorionak eman dizkie atzo erreferenduma egitea posible izan zedin lanean jardun zuten erakundeei eta herritarrei.

Atzo, urriak 1, beren etorkizunaz erabakitzeko erreferenduma egin zuten Katalunian, eta atzo hango hainbat tokitan izandako "trabak eta errepresioa" salatu ditu Azpeitiko Udal Gobernuak. "Espainiako Gobernuak, indar polizialen bidez, herri kataluniarra zapaltzeko, beldurtzeko eta isiltzeko erabilitako errepresioa salatu nahi dugu". Gainera, indarkeria erakustaldien bidez boto eskubidea urratzeko egindako ahalegin guztiak gaitzetsi dituzte udal ordezkariek.

Azpeitiko Udal Gobernuak zorionak eman dizkie atzo erreferenduma egitea posible izan zedin lanean jardun zuten erakundeei eta herritarrei. "Eraso guztien gainetik, bi milioi kataluniar baino gehiagok eman zuten botoa, lasai, erasoen aurrean irmo mantenduta eta probokazioetan erori gabe". Horregatik guztiagatik, Kataluniak etorkizunaren jabe izateko irekitako bidean aurrera egiterakoan Azpeitiko Udal Gobernua "ondoan" izango dutela jakinarazi dute.