Ehunka herritar irten da plazara, Kataluniaren eta demokraziaren defentsan

Uztarria.eus 2017ko urr. 1a, 22:12

Gaur, urriak 1, Independentziaz erreferenduma egin dute Katalunian, eta hara begira egon dira komunikabideak egun osoan zehar. Euskal Herrian eta baita Azpeitia ere, gertutik jarraitu dira han jazotako gertakariak.

Katalunian hauteslekuak zabaldu dituztenetik Espainiako Gobernuak zein indar polizialek erakutsitako "jarrera errepresiboa" salatzeko eta "demokrazia defendatzeko", 19:30ean hasita elkarretaratze zaratatsua egin dute ehunka lagunek Azpeitiko plazan. Hainbat tresna eskutan hartuta, ordu erdi inguruz aritu dira zarata ateratzen, Errepresioaren gainetik, votarem lelopean. L'Estaca abestia kantatuta eman diote amaiera arratsaldeko elkarretaratzeari, baina beste bat deitu dute gauerako. Hala, herritarrei dei egin diete 22:00etan beren balkoietara irten eta kazeroladara batu daitezen, demokraziaren defentsan. Urrestillan ere elkarretaratze zaratasua deitu dute 22:00etarako, plazan.

Arratsaldeko elkarretaratzearen deitzaileek adierazi dutenez, "Katalunian egin duten bakarra da erabakitzeko eskubidea egikaritzea, eta horren aurka egitea demokraziaren aurka egitea da".

Dagoeneko botoak zenbatzen ari dira Katalunian. Guztira, 761 lagun zauritu ditu gaur Poliziak. Bi larri, eta 128 ospitaleratuta daude. Gehienak, Bartzelonan, Lleidan eta Gironan. Lehen zundaketen arabera, uste dute hiru milioi pertsona inguruk eman duela boza.

Uztarria Komunikazio Taldeak gaurko egunean Katalunian egon diren hainbat azpeitiarren testigantzak bildu ditu.