42 urte gerora ere, Angel Otaegi gogoan izan dute Nuarben

Uztarria.eus 2017ko ira. 30a, 16:44

Joan den asteazkenean, irailaren 27an, 42 urte bete ziren Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakideak fusilatu zituela, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Urtemugaren harira, Nuarben elkartu dira gaur, zapatua, Otaegiren hainbat senide, lagun eta herritar, haren oroimenezko ekitaldian. Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo ere gogoan izan dituzte.

Otaegiren etxea zenaren atarian elkartu dira ekitaldira hurbildu diren herritarrak. Haietako batzuk menditik egin dute Azpeititik Nuarberako bidea. Oihana Labiano eta Eider Iturralde bertsolariak arduratu dira ekitaldiari hasiera emateaz, oroimenez jantzitako bertso musikatuak abestuta. Ondoren, Angel Otaegiren, Kurroren eta Pelitxoren argazkien aurrean aurreskua dantzatu diete haien senideei; horiek lora-sorta bana jaso dute omenaldira bertaratutako lagunen txalo artean.

Ezker Abertzaleko kideek hartu dute hitza jarraian, eta azpimarratu dute "borrokan" jarraitzen dutela oraindik: "Jende askok bizia eman du gure helburuen alde, eta helburu horiek lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa du Ezker Abertzaleak. Hori da gure konpromisoa; konpromiso indibidual eta kolektiboa; konpromiso serioa, irmoa eta ausarta; konpromisoa bizitzarekin, etorkizunarekin, gure balioekin, gure ideologiarekin eta, batez ere, garaipenarekin". Eusko Gudariak abestuta bukatu dute ekitaldia. Omenaldia amaituta, mokadutxoa egin dute ekitaldiaren lekuan bertan, eta sabelak ondo betetzeko, ondoren bazkaria egin dute frontoian.

Gaurkoa ekitaldiarekin amaitutzat eman dituzte Gudari Egunaren bueltan antolatutako ekimenak.