Sestaon jazotako hilketa matxista gaitzetsi du Udalak

Uztarria.eus 2017ko ira. 29a, 18:13

Ikastetxeetan martxan jarritako hezkidetza programen bidez zein beste hainbat ekimenen bitartez, "pertsonen arteko berdintasuna landuz" indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela berretsi du Udalak.

Azpeitiko Udalak atzo Sestaon jazotako hilketa matxista salatu du. Aurten, gizonezkoen eskuetan Euskal herrian hildako seigarren emakumea da atzokoa. Udalak hildako emakumearen senitarteko zein gertukoenei beren elkartasuna adierazteaz gain, herritar guztiak eraso horiek salatzeko datozen egunotan antolatu daitezkeen ekimenetan parte hartzera animatu ditu.

Udalak adierazi duenez, "indarkeria matxista gaur egungo gizartean arazo larria da, gizon emakumeen berdintasun ezetik sortutakoa". Horren aurrean, gogorarazi du giza eskubideen urraketen aurrean "modu aktiboan jokatzea" herritarron ardura ere badela, eta erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero, Udaltzaingora, Ertzaintzara edota larrialdi zerbitzuetara deitzea "ezinbesteko betebeharra" dela ohartarazi du.

Ikastetxeetan martxan jarritako hezkidetza programen bidez zein beste hainbat ekimenen bidez, pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela berretsi du Udalak.