Mikel Aiestaranek V. Manu Leguineche Katedrako Kazetaritza saria irabazi du

Uztarria.eus | Komunikabideak | Artikulua
2017-09-29 10:08

Aiestaranen "independentzia, zorroztasuna, egiaren aurrean agertutako errespetua eta bere ibilbide profesionalean erakutsi duen adierazpen askatasunaren defentsa" nabarmendu ditu epai-mahaiak.

Mikel Aiestaran.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Mikel Aiestaran kazetari eta gerra korrespontsalak Espainiako V. Manu Leguineche Katedrako Kazetaritza saria lortu du. Manu Leguineche Katedra Guadalajarako Diputazioak, Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak (FAPE), Alcalako Unibertsitateak, Unibertsitateko Fundazio Nagusiak eta Brihuegako Udalak deitutako saria da. 

Guadalajarako Diputazioaren biltzar aretoan bildutako epai-mahaiak Aiestaranen "independentzia, zorroztasuna, egiaren aurrean agertutako errespetua eta bere ibilbide profesionalean erakutsi duen adierazpen askatasunaren defentsa" nabarmendu dituzte. Gerra korrespontsal moduan hamar urteko ibilbidean egindako lana aitortzeaz gain, bere erreportajeen "literatur izaera berezia" eta bere istorioen protagonistek bizi dituzten baldintza gogorren berri emateko duen "sentsibilitate aparta" ere goraipatu ditu epai-mahaiak. 

Sari moduan, 8.000 euro jasoko ditu Aiestaranek eta Alcalako unibertsitateko ohorezko irakasle izendatuko dute. Horrez gain, kazetariak eskultura bat ere jasoko du oroigarri gisa. 

Jasotako sariaz aritu da Aiestaran Euskadi Irratiako Faktoria saioan. Bertan adierazi duenez, "sari potoloa" da eskuratu duena. Hemen entzun daiteke elkarrizketa. 

Sariak sarien atzetik

2015eko azaroan Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak emandako  Euskal Kazetariak saria jaso zuen Aiestaranek. Iaz, berriz Porquet saria eman zion Huescako Kazetaritza Digitalaren Biltzarrak.

Duela bi urte joan zen Aiestaran Azpeititik Jerusalemera bizitzera, familiarekin. Uztarriak 2014ko urriko aldizkarian elkarrizketa luzea egin zion.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa