Kataluniarentzat eta Euskal Herriarentzat demokrazia eskatzeko bilkura jendetsua plazan

Uztarria.eus 2017ko ira. 28a, 21:39

200 herritar inguru elkartu dira gaur arratsean herriko plazan, Kataluniako erreferenduma babesteko eta "kataluniar herria bizitzen ari den salbuespen egoera kontuan izanda". Azpeitiko Gure Esku Dagok, LABek, ELAk, EH Bilduk, EHNEk, Elkar-ekinek, Ernaik eta Napar Zuzterrak taldeak egin zuten gaurko elkarretaratzerako deia herenegun, eta Gaztetxea ere batu zaie; Azpeitiko EAJko kideek ere parte hartu dute bilkuran.

Bozkatu erabakitzeko eta Demokrazia, bai Kataluniarentzat, bai Euskal Herriarentzat leloen bueltan elkartu dira herritarrak. Gure Esku Dagoko kideek deialdia egiterakoan aurkeztu zuten adierazpena irakurri dute. Horrez gain, zapatuan "Bilboko kaleak berriro betetzeko asmoa" dutela gogoratu dute eta egun horretan egingo den manifestaziora joateko deia luzatu diete azpeitiar guztiei. Hain zuzen ere, joan-etorria autobusez egiteko aukera izango da; 16:00etan irtengo da autobusa anbulatorio aurretik, eta aurrez izena eman behar da Orkatzen, Berdien edo Kantoin. Urriaren 1ari begira balkoiak esteladekin zein ikurrinekin apaintzeko gonbita ere luzatu dute, eta esteladak euro baten truke erosteko postuak ere jarri dituzte.

Ekitaldia borobiltzeko, Kantu Jirako lagunek L'estaca-ren euskarazko bertsioa abestu dute.