Eskaintza zabalagoa eta ikusgarritasun gehiago, II. Txisteratik Egun Magikorako

Uztarria.eus 2017ko ira. 28a, 20:10

Sarituak izan diren magoak bisitatuko dute Azpeitia Txisteratik egunean: Imanol Ituiñok, Tuttilifamilik, Edamak, Amadeok, Armandok eta Civi_Civiac fakirrak. Gainera, magia kalera aterako du Iagomago gazte azpeitiarrak. Aurten, beste berritasun bat atera dute txisteratik: magia tailerra. Txisteratik egunaren aurretik magiara hurbildu nahi dutenek, ikastaroan izena eman dezakete bihar bitartean.

Urriaren 7an, larunbatez, magiak hartuko du Azpeitia. Bigarren urtez jarraian, Txisteratik Egun Magikoa antolatu dute data horretarako. Iazko edizioak utzitako "zapore onarekin" antolatu dute aurtengoa, "egitura berbera mantenduz, eskaintza zabalduz eta ikusgarritasun gehiago eskainiko duten magoak herrira ekarriz". 

Antolatzaileek azaldu dutenez, "magiak erakarri egiten duelako, magiak txunditu egiten duelako, magiak errealitatearekin jolasten duelako, umorea duelako eta alaitasuna sortzen duelako abenturatzen da Txisteratik lagun taldea egun magikoa antolatzera". Iaz antolatu zuten aurrenekoz magiaren eguna Azpeitian, eta aurten edukia potoldu dute. Izan ere, mago ezagunagoekin osatu dute programazioa. Azpeitian izango dira Imanol Ituiño, Tuttilifamili, Edama, Amadeo, Armando eta Civi_Civiac fakirra.

Baina mago ezagunak ez ezik, bertako artistei ere eskaini diete plaza, eta "pozez" daude Txisteratik lagun taldeko kideak, beren taldekidea den Iagomagok ere parte hartuko duelako aurtengo edizioan: "Pozez diogu aurtengoan taldekide den Iagomagok ere parte hartuko duela Txisteratik egunean. Magoen artean bidea egiten ari den gazte honek merezi duelako leku bat, eta baita ere bat gatozelako Udalarekin herritarrak partaide egiteko asmoan".

Josu Labaka Kultur batzordeburuak adierazi duenez, Iagomago bezalako artistak dira Azpeitiko kultur dinamikaren geroa: "Iago azpeitiarra, gaztea eta sortzailea da. Bera bezalakoak gure herriko kultur dinamikaren etorkizuna dira. Eta zorterik onena opa diogu urratu berri duen ibilbidean". 

Goizetik gauera, magia bazterretan

Goizean magia gertutik ikusteko aukera izango da. Imanol Ituiño, Armando eta Iagomago ibiliko dira Alde Zaharrean magia begien aurrean egiten. 12:30etik aurrera, eguerdia alaitzeko. Ondoren, 13:00etan, karpa magikoaren lehen saioa izango da. Aurtengo karpan 100 ikus-entzule sartzen dira, eta bertaratzen direnek aitzinako erara eginiko magia ikuskizunaz gozatuko dute, Civi-Civiac magoarekin. Pikareska eta engainua ardatz izango dituen 45 minutuko ikuskizuna da, zirko ibiltari eta ferietako barraken antza hartuko duena. Arratsaldean, beste bi aukera izango dira emanaldia ikusteko, 16:30ean eta 17:30ean. Iaz bezala, Perez Arregi plazan kokatuko dute karpa magikoa.

"Magiaren ikuskizunik handienarekin" borobilduko dute eguna: Soreasuko gala nagusiarekin. Imanol Ituiño ariko da aurkezle lanetan, eta Tuttilifamili, Amadeo, Armando, eta Civi Civiac fakirra ere igoko dira oholtzara beren ikuskizunak eskaintzera. "Parte hartuko duten mago guztiak sarituak izan dira. Saiakera egin dugu alde horretatik, ikuskizuna aberasteko" azaldu dute Txisteratik Egun Magikoaren antolatzaileek. 

Gala nagusirako zein karparako sarrerak Sanagustin kulturgunean daude salgai eta www.kulturaz.eus atarian. Karpa magikoak 3 euro balioko du. Galak, berriz, 6 euro 14 urte artekoentzat eta 10 euro hortik gorakoentzat.

Magiara gerturatzeko, magia tailerra

Aurten beste berritasun bat atera dute txisteratik: magia tailerra. Ikastaro horretan parte hartzen dutenek trikimailu errazak eta magia jolas erabilgarriak egiten ikasiko dute. Imanol Ituiñok zuzenduko ditu saioak. Izen-ematea dinamos.eus atarian egin daiteke. Bihar itxiko dute izen ematea.  

"Magiara gerturatzeko eta zaletasuna pizteko antolatu dugu magia tailerra, Azpeitiko Kultur Mahaiarekin batera, Dinamoan", azaldu dute Txisteratik egunaren antolatzaileek. Gainera, "erantzun bikaina" izaten ari dela azpimarratu dute, momentuz 19 lagunek eman baitute izena ikastaroan.

Txisteratikek aurtengoan emandako pauso kualitatiboa azpimarratu nahi izan du Labakak: "Magia ekitaldi edo egun bat izatetik, tailerrak antolatuz magiaren inguruko afizioa sortu nahi da, jakinmina piztu, eta hori gure kultur filosofiarekin bat dator".

Txisteratik lagun taldeak eskerrak eman dizkio Udalari, "hau guztia posible egiteagatik", eta laguntza emateagatik eskertu ditu "jadanik taldekide bat gehiago" den Imanol Ituiño, Alde Zaharreko Tabernarien Elkartea (AZTE) eta Kulturaz kooperatiba.