Abian dira landa eremuko V. Urkome Sariak

Uztarria.eus 2017ko ira. 28a, 16:35
Gaur aurkeztu dituzte V. Urkome Sariak, Zarautzen. Bertan izan da Eneko Etxeberria alkatea. (Urkome)

Guztira, sei sari banatuko dituzte, atalez atal. Proiektuak urriaren 1etik urriaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dira Urkomeren egoitzan. Hainbat balorazio irizpide hartuko ditu kontuan epai-mahaiak: ideia berritzailea, bideragarria, enplegua sustatzen duena eta teknologia berrien aplikazioa aurreikusten duena izatea, esaterako.

Martxan dira bosgarren urtez, Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritzea xede duten Urkome Sariak. Gaur egin du sarien aurkezpena Urkomek –Urola Kostako landa eremuen garapenaren alde lan egiten duen elkarteak–, eta bertan izan da Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea. Azpeitiko Udala Urkomeko Zuzendaritza Batzordeko kidea da. 

Urkome Sarien aurtengo edizioan ere sei sari banatuko dituzte orotara, honako atal hauetan banatuta: nekazaritza jardueraren sustapena; landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena; landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea; landa eremuko balioaniztasuna agerian jartzea; Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarrekin emango dutena eta sari irekia. Azken hori boz bidez erabakiko da. Botoa azaroaren 6tik sarien banaketa egunera arte eman ahal izango da Urkomeren webgunean.

Sariei dagokionez, lehenengo bost ataletan, bakoitzean 2.000 euro banatzea aurreikusten du Urkomek. Seigarren atalean, aldiz, eskualdeko produktu sorta bat banatuko dute. 

Urkome Sarietan parte har dezakete erakundeek, elkarteek, partikularrek eta sektoreko enpresek. Aurkeztu daitezkeen proiektuak, berriz, 2017-2018 urteetan garatu edo amaituko direnak behar dute izan. Parte hartzaileek urriaren 1etik urriaren 31ra bitartean aurkeztu beharko dituzte proiektuak Urkomeren egoitzan (Enparan kalea 1). Alde batetik, norberaren datuak jasotzen duten dokumentazioa aurkeztu beharko du parte hartu nahi duenak, eta, bestetik, proiektuaren edo egitasmoaren informazioa (Urkomeren webgunean ikus daiteke proiektua aurkezteko eredua).

Urkomek azaldu duenez, sarien helburuak dira, besteak beste, "landa eremuan egun dauden enpresen motibazioa areagotzea innobazioa edo berrikuntzetara, landa eremuan dauden enpresekiko sentsibilizazioa areagotzea eta, landa eremuak gizarte osoarengan eragiten duenez, horrekiko eta bertako biztanlegoarekiko jarrera edo sentsibilizazioa areagotzen lortzea". Era berean, lortu nahi dutena da enpresa izaera txertatzea landa eremuan dauden ekimen edo jarduerei, eta eremu horretako jarduerei beste zonaldeetakoek adina posibilitate izatea. Gainera, gizarteratzea nahi dute innobazioa edo berrikuntza alor guztietan eman daitekeela, baita lehen sektorean ere. 

Epai-mahaiaren balorazio irizpideak

Proiektuen balorazioa egiterakoan hainbat irizpide izango du kontuan epai-mahaiak. Besteak beste, ideaia berritzailea izatea, teknologia berrien aplikazioak aurreikusten dituzten proiektu edo ideiak izatea, bideragarritasun ekonomikoa edukitzea, enpregua sustatzen duten proiektuak izatea, berdintasuna sustatzea, eta gazteen ideiak eta kooperazio proiektuak izatea baloratuko dituzte. 2017- 2018an gauzatzea aurrikusten duten proiektuak eta hori bermatzen dutenak gehiago baloratuko dira.