Zapatuan itxiko da Joxe Takolo Bekara goi mendizaletasunarekin lotutako proiektuak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2017ko ira. 28a, 12:16
Bekari gehitutako egokitzapenen artean dago diru-laguntza iragartzeko irudi berria.

Goi mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta gai horien zabalkundearekin zerikusia duten proiektuak aurkeztu daitezke, hala nola alpinismo klasikoa, mota guztietako eskaladak, eskia, BTTa, kayaka, espeleologia, zientziak, parapentea… Azpeitiko Udalaren erregistroan aurkeztu behar dira lanak, eta Udalaren webgunean daude eskuragarri bete beharreko oinarri guztiak.

Goi mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko Joxe Takolo Bekara lanak aurkezteko epea zapatuan, irailaren 30ean, itxiko da. Diru-laguntza jaso nahi dutenek, oraindik aurkez ditzakete beren lanak Azpeitiko Udalaren erregistroan, eta oinarriak zein bete beharreko orriak azpeitia.eus webgunean eskura ditzakete. 

Askotariko gariak uki ditzakete Joxe Takolora aurkezten diren lanek. Esaterako, goi mendia, abentura, zientzia, esplorazioa eta gai horien zabalkundearekin zerikusia duten proiektuak aurkeztu daitezke: alpinismo klasikoa, mota guztietako eskaladak, eskia, BTTa, kayaka, espeleologia, zientziak edo parapentea, kasu.

Joxe Urbieta Takolo Azpeitiko mendizalearen omenez, goi mendizaletasunarekin lotutako proiektuak sustatzeko helburuarekin sortu zuten Joxe Takolo beka, 2001ean, herritik Euskal Herrira zabaltzeko asmoarekin. Aurten, oinarriak indartuta abiatu da, Udalaren laguntzarekin Lagun Onak Mendi Bazkunak egindako diagnosiaren emaitzetatik abiatuta. Nahiz eta hastapenetan beka indartsu zegoen, Joxe Urbieta zenaren izena isilduta eta diru laguntza indargabetuta zegoela ikusita, iaz kezka agertu zuten Lagun Onakek eta Azpeitiko Udalak. Horregatik, Lagun Onakek jaso zuen 2016ko beka, hiru helburu nagusirekin: inguruko mendizaletasuna ikertzea eta sustatzea, bekaren egoera aztertzea, eta Azpeitian zein Euskal Herrian Takolo zenaren irudia zabaltzea.