Angel Otaegi gogoan izan dute Nuarbeko hilerrian, haren fusilamenduaren 42. urtemugan

Uztarria.eus 2017ko ira. 27a, 22:24

Duela 42 urte, 1975eko irailaren 27an, hil zituen Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakideak, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Gaur, Gudari Eguna, arratsaldean, gogoan izan dute Otaegi Nuarbeko hilerrian. Haren familiakoek eta gertukoek, zenbait herritarrek, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Udal Gobernuko hainbat ordezkarik lore eskaintza egin dute Otaegi zenaren hilobiaren aurrean.

Etxeberriak hartu du hitza ekitaldian, eta hark Otaegiren senideen sufrimendua nabarmendu du: "42 urte hilerriko aldapa igotzen eta ez datorren justizia eskatzen". Azpeitiko alkateak nabarmendu du Otaegiren senideek babesa eta animoak behar dituztela. "Etorkizuna konfiantzaz eta iraganeko lezioak kontuan hartuta eraiki behar dugu, eta orain da horretarako unea", esan du. Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagak Al Alba poema euskarara ekarrita irakurri du ekitaldiaren bukaeran.

Goizean, Gudari Egunaren harira eta Angel Otaegi gogoan, elkarretaratzea egin dute herriko ikastetxeetako ehundik gora ikasleek Sanjuandegiko biribilgunean.

Atzo jakinarazi zuten Otaegiren familiak eta Udalak, duela urtebete Otaegiren hilketaren ardura argitzeko jarritako kereilari Espainiako auzitegi arrunten bidea agortu zaiola, eta kasua Argentinara bideratuko dutela.

Hainbat ekimen asteburuan

Gudari Egunaren baitako ekimenek asteburuan izango dute jarraipena. Zapatuan, irailaren 29an, mendi martxa egingo dute Nuarbera. 10:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 13:00etan, ekitaldia egingo dute auzoan. Ondoren, bazkaria egingo dute Nuarbeko frontoian, eta horretarako, aurrez txartelak eros daitezke Orkatzen. Ikasleek eta langabetuek zortzi euro ordainduko dute, eta langileek 12 euro. Egunean bertan, berriz, soldatapekoek 15 eurotan eskuratuko dituzte txartelak, eta gainontzekoek 12 eurotan.