Sammic eta Añares ISBren partidetarako sarrerak zozkatuko ditu Uztarriak aurrerantzean

Uztarria.eus 2017ko ira. 27a, 19:03

Sammic-eko mutilek eta Añareseko neskek etxean partidak jokatzen dituzten asteetan, neurketa bakoitzerako bina sarrera zozkatuko ditu komunikazio taldeak. Uztarriaren bazkideek har dezakete parte zozketan, izen-abizenak eta kontakturako zenbakia uztarriazozketak@gmail.com helbidera bidalita. Aste honetan ekingo diote denboraldiari bi taldeek.

Aste honetatik hasita, Uztarria Komunikazio Taldeak sarrerak zozkatuko ditu Iraurgi Saski Baloi klubeko bi talde nagusienek –Sammic Hosteleria ISBk eta Añares Rioja ISBk– etxean jokatuko dituzten partidetarako. Mutilen zein nesken neurketetarako bina sarrera zozkatuko ditu komunikazio taldeak. 

Zozketan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da Uztarriaren bazkide izatea. Parte hartzen dutenek, izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia bidali beharko dute uztarriazozketak@gmail.com helbidera. Uztarriak zozketaren berri emango du webgunean Sammic-ek edo Añaresek etxean partidak jokatuko dituzten asteetan. 

Ligari hasiera, asteburuan

Euskal Kopa jokatuta, lagunartekoak amaituta, eta denboraldi-aurrea osatuta, datorren asteburuan ekingo diote ligari Sammic Hosteleria ISBk zein Añares Rioja ISBk, etxean.

Datorren denboraldian, Sammic Hosteleria Urrezko LEB Ligan lehiatuko da aurrenekoz, eta lehenengo hitzordua igandean, urriaren 1ean, du, etxean. Coruñaren aurka ariko da lehian Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan hasita. 

Añares Rioja ISBk zapatuan hasiko du denboraldia. LF2 Ligan lehiatuko da beste urte batez, eta Azkoitiko kiroldegian jokatuko du aurreneko neurketa Kemegal Corcegada taldearen aurka, 18:00etatik aurrera. 

Uztarriaren zozketak

Uztarria Komunikazio Taldeak gisa honetako zozketa gehiago egin ohi ditu urtean zehar, hala nola, kontzertuetarako sarrerena, antzerkietako sarrerena, liburuena... Beraz, bizkor ibili eta egin zaitez Uztarriako bazkide, urtean 30 euro ordainduta. Horretarako klikatu hemen eta abantaila ugariz gozatu ahal izango duzu.