Otaegiren hilketaren kereila Argentinara eramango dute haren familiak eta Udalak

Uztarria.eus 2017ko ira. 26a, 22:15
Mertxe Urtuzaga, Eneko Etxeberria eta Mikel Elorza, Otaegiren-eta hilketaren urtemugaren harira udaletxeko arkupeetan jarri dituzten informazio panelen aurrean. (Julene Frantzesena)
Otaegiren familiak iaz jarri zuen kereila ez du onartu Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, eta ebazpen horrekin amaitutzat eman dute kereila horrek Espainiako justizian egin zezakeen bidea. Familiaren abokatuak eta Azpeitiko Udalak Argentinara bideratuko dute kereila, Otaegiren hilketaren ardura argitu dadin.

Bihar 42 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko beste hiru kide hil zituela, eta, urtemuga horren atarian, gaur, asteartea, agerraldia egin dute Otaegiren familiak eta Udalak, duela urtebete jarritako kereilari Espainiako auzitegi arrunten bidea agortu zaiola eta kasua Argentinako kereilara bideratuko dutela esateko.

Iaz, biharko egunez, Azpeitiko epaitegian jarri zuen kereila kriminala Otaegiren familiak, haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzeko eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzeko, baina abenduan jakinarazi zuten epaitegi horrek ez zuela kereila tramitera onartu. Hori dela eta, familiak helegitea jarri zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta gaur jakinarazi dute helegite hori ere ez duela onartu epaitegi horrek.

Mikel Elorza Otaegiren familiaren abokatuak azaldu duenez, Azpeitiko epaitegiaren argudio berak erabili ditu Gipuzkoakoak helegitea tramitera ez onartzeko. "Ez dute aztertu ere egin kereila, gertaerak preskribatuta daudela eta 1977ko Amnistiaren Legea indarrean dagoenetik jazotako gertakariak ezin direla ikertu argudiatuta". Hori dela eta, "bukatutzat" eman dute Espainiako auzitegi arruntetako bidea, baina Elorzak esan du "aztertu" egin behar dutela kereila Auzitegi Konstituzionalera eraman ala ez.

Dena den, beste bide batetik, baina aurrera jarraituko dute kereilarekin. Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Otaegiren familiak jakinarazi dutenez, Argentinara bideratuko dute kereila. Izan ere, 2012an Espainiaren aurkako kereila jarri zuten bi partikularrek Argentinan, eta han helegite horiekin aurrera jarraitu ahal izan dute Maria Servini epailearen bitartez. Aurrekari horiek ikusita, Azpeitiko Udalak izapide formalak egingo ditu datozen asteetan kereila Argentinan aurkezteko.

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak azaldu duenez, Otaegiren familiak 42 urteotan ez du lortu justizia egiterik. "Otaegiren familiak ez du lortu sumarioaren kopia ere. Ez da bidezkoa gertatu dena, eta udalak erabaki du familiari laguntzea. Ez gara hemen geldituko; izan ere, Azpeitiko Udalak iazko urriko udalbatzarrean aho batez onartu zuen Francoren erregimenak egindako krimenak argitzeko, estatu mailakoak edo nazioartekoak, irekita dauden auzietan parte hartzea". Aitzitik, Etxeberriak esan du azken urteetan, Aranzadik egin dituen ikerketen bidez, herrian beste hainbat krimen izan zela jakin ahal izan duela udalak, eta aurreratu du horiek ere Argentinako kereilan sartuko dituztela.

Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusuak esan du udalaren laguntzarekin joko dutela Argentinara, eta "gauzak hobeto ateratzeko" esperantza agertu du.