Herritarrak bihar odola ematera animatu nahi ditu Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak

Uztarria.eus 2017ko ira. 26a, 17:58
Hileko asken asteazkenetan egiten dute odol ateraldia anbulatorioan. Bertan hartutako irudia da hau.

17:00etatik 21:00etara izango dute odol-emaileek anbulatorioan odola emateko aukera. Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideek urtea hasi zenetik izandako parte-hartze datuei eutsi nahi diote. Izan ere, "kezkatuta" daude, herrian behera egin duelako odol emarien kopuruak, bi urtez jarraian.

Hileko azken asteazkenetan egin ohi duten bezala, bihar, irailak 27, odola emateko hitzordua izango dute odol emaileek, 17:00etatik 21:00etara, anbulatorioan.

Urtea hasieratik abuztura bitartean izandako odol emaldietan egon den parte-hartzearekin "gustura" daude Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideak, eta orain arteko joerari eutsi nahi diote. Horregatik, herritarrei gogorarazi diete 2015ean zein 2016an behera egin zuela odol emaileen kopuruak Azpeitian, eta datu "kezkagarria" dela azpimarratu dute. Hori dela eta, adin guztietako herritarrak animatu nahi dituzte bihar odola ematera.  

Urriko odol ateraldia hilaren 25an izango da.

Uztarria Komunikazio Taldeak 2017ko maiatzeko aldizkarian odol emaldi baten inguruko argazki erreportajea argitaratu zuen. Bertan ikus daiteke odola ematearen prozesua pausoz pauso nolakoa izan ohi den.