Ugaitz Kerejeta: "Lagun Onaken ahalik eta minutu gehien jokatzea da orain dudan erronka"

Uztarria.eus 2017ko ira. 25a, 23:02
Ugaitz Kerejeta, Lagun Onakek Done Jakue kalean duen dendaren parean. (Maialen Etxaniz)

Lagun Onak Futbol Taldearen aurreneko taldeko jokalari gazteena da Ugaitz Kerejeta (Azpeitia, 1998). Realean egin ditu azken zortzi urteak, eta 2016-2017 denboraldian Realeko jubenilen Ohorezko Mailan aritu ostean, etxera itzuli da Hirugarren Mailara salto eginda. Joan den ekainean luzatu zion proposamena herriko futbol klubak, eta baiezkoa eman ostean, taldean "gustura" dago erdilari azpeitiarra.

Nola jaso zenuen Lagun Onakera itzultzeko deia?

Realak ez zidan kontratua luzatu, lesioak zirela eta. Haiek abisua pasatu zioten Lagun Onaki, libre nengoela esanez. Astebete pasatzerako deitu zidan Lagun Onakeko kirol zuzendariak, Xabier Alberdi Beltzak, proposamena eginez. Taldean jokalari azpeitiarrak nahi zituztela esan zidan. Entrenatzailearekin ere aritu nintzen hizketan, eta azkenean baiezko erantzuna eman nuen. 

Nola gogoratzen dituzu Realean igarotako urteak?

Niretzat urterik onenak gaztetakoak izan dira, txikiak ginenekoak. Orduan gozatu egiten genuen futbolarekin eta futbolean, ez baitzegoen presiorik. Urteak aurrera egin ahala, jende berria iristen da taldera, eta presioa areagotzen da. Ikasberrin egin nituen ikasketak, eta gogoan dut ikastolatik irten eta ogitartekoa jaterako Donostiara joaten nintzela zuzenean, taxia hartuta. Nekagarria izaten zen, baina oso oroitzapen onak ditut. Lagun asko eraman ditut handik; Realeko taldea familia bat zen niretzat.

Eta orain berriro Azpeitira. Zer moduzkoa izan da itzulera?

Oso ezberdina da hau. Bizitza aldatu zaidala ere esan dezaket. Askoz lasaiago nago, baina kategoriak beste exijentzi bat eskatzen duenez, ez dut Realean bezainbeste jokatzen. Ni baino zaharragoak diren jokalari asko daude taldean, esperientzia dutenak, Jon Orbegozo eta Hodei Tena kasu, eta hor lekua egitea ez da erraza. 

Lagun Onaken kamiseta soinean, gehiago nabaritzen al duzu ingurukoen babesa? 

Realean nengoela Lagun Onaken aurka jokatzea atsegin nuen, herriko lagunekin zelaian parez pare izatea izugarria zela dut gogoan. Orain ni naiz kamiseta hori daramana, eta niretzat izugarria da herrian jokatzea, ilusio handia egiten dit. Familia lehen ere hara eta hona ibiltzen zen nire partidak ikusteko; lagunak, aldiz, orain gehiago hurbiltzen dira neurketak ikustera eta animatzera. 

Talde berria da zuena, jokalari dezentek fitxatu baitute Lagun Onakekin denboraldi berrirako. Nola ikusten duzu taldea?

Maila altua dagoela nabaritu dut, espero nuena baino hobea. Joan den urteko denboralditik bost jokalarik soilik jarraitzen dute, eta gehienok orain iritsi gara. Entrenatzailea ere berria da, baina hala ere, indartsu ikusten dut taldea. Gure artean ere giro ona dugu. 

Epe motzera, ba al duzu helbururik?

Lagun Onaken ahalik eta minutu gehien jokatzea da orain dudan erronka, taldean toki bat egin nahi dut. Gaztea naiz, eta horrek zaltasunak jartzen dizkit bidean, baina tira, ahal dudana egingo dut. Ez nago ohituta horren minutu gutxi jokatzera. Taldekideek esaten didate lasai egoteko, gaztea naizela oraindik, baina nik jokatzera irteteko grina dut. 

Bide berriak zabaldu zaizkie zurekin batera futbolean hasitako lagunei, Jon Guridiri eta Igor Zubeldiari, esaterako. Merezitakoa al da jaso duten saria?

Bai, guztiz. Jende ona da, jende ona futbolean ere. Izugarrizko maila dute, eta asko pozten naiz lortu dutena ikusita. Lehen beraiekin joaten nintzen taxian Donostiara, eta orain Realarekin Lehen Mailara iritsi direla ikustea pozgarria da.