Berdea, urdina eta zuria izango da Betharrameko fatxada

Uztarria.eus | Hirigintza | Artikulua
2017-09-25 18:01

849 herritarrek eman dute botoa galdeketan, eta aukeratutako diseinuak nabarmen jaso ditu boz gehien: 512. Galdeketak Internetez egiteko aplikazioa jarri du martxan Udalak, eta lehenengoaren emaitzak jasota, aurrerantzean galdeketa gehiago egiten jarraituko duela aurreratu du.

Iraurgi Ikastetxeko hainbat ikasle eta irakasle eta Leire Goenaga zinegotzia, herritarrek aukeratu duten diseinuaren aurrean. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Betharram eraikinaren fatxada berdea, urdina eta zuria izango da. Hala erabaki dute botoa eman duten herritarrek. Atzo, irailak 24, itxi zen galdeketan parte hartzeko epea, eta gaur zenbatu dituzte bozak. Guztira, 849 herritarrek hartu dute parte galdeketan, eta aukeratua izan den diseinuak 512 boto jaso ditu. 187 herritarrek egin dute laranja koloredun etxaurrearen alde, eta 150 lagunek eman diote boza koloredun diseinuari.

(Eraikin berrituaren itxura erabakitzeko proposatutako hiru diseinuak).

Galdetzen jarraitzeko asmoa

Galdeketa teknologia berrien bidez egiteko apikazioa sortu du Udalak, eta, oraingoz, emaitza "positiboa" dela esan du Leire Goenaga zinegotziak: "Teknologia berrien bidez asko errazten da galdeketak egiteko aukera, eta aplikazio hau abian jarrita, hemendik aurrera herritarren iritzia jasotzeko bidea erraztu dugu". Udalak Interneteko aplikazioaren bidez egin den lehen galdeketa izan da Betharrameko eraikinarena, baina Goenagak aurreratu duenez, ez da azkena izango: "Tresna honen bidez erabakiak elkarlanean eta denon artean hartzea errazagoa da, eta hemendik aurrera ere horrelako galdeketak egiten jarraituko du Udalak. Beraz, parte hartzean sakontzen joango gara guztiok".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa