Ate joka dago VIII. Tuba Jaialdia

Uztarria.eus 2017ko ira. 25a, 19:21
Ainara LarraƱaga, Mari Jose Telleria, Josu Labaka, Agustin Jimenez eta Juan Carlos Ribelles, Tuba Jaialdiaren aurkezpenean.

Tuba eta bonbardinoa gizarteratzea xede, egitarau oparoa antolatu dute Metal Boskoteko kideek, urriaren 3tik 17ra bitarterako. Saio berezi bat ere prestatu dute: kontzertu gastronomikoa izango da urriaren 12an, Sanagustin kulturgunean. Sarrerak 15 euro balio du, eta Sanagustinen eta Juantxo Txiki tabernan daude salgai.

Zortzigarren urtez, Tuba Jaialdia antolatu dute, urriaren 3tik 17ra bitarterako. Tuba eta bonbardinoa gizarteratzeko eta bi instrumentu horiek maite dituzten musikariak elkartzeko asmoarekin hasi ziren jaialdia antolatzen Agustin Jimenez eta Azpeitiko Metal Boskoteko kideak, eta aurtengoan ere ez dute hutsik egin: musikaren bueltan, egitarau oparoa prestatu dute. "Gure lehentasuna da maila guztietako musikariak elkartzea, goi mailakoak zein afizionatuak, eta musika gizarteratzea", azaldu du Jimenezek.

Aurtengoan, gainera, zenbait berrikuntzekin dator jaialdia. Sanagustin kulturgunean egingo dituzte ekintza gehienak, baina beste herri batzuetara ere zabalduko dute jaialdia edizio honetan; hain zuzen ere, Lekeition (Bizkaia) eta Hernanin (Gipuzkoa) ere eskainiko dituzte saioak. Horrez gain, Meta proiektuarekin bat egin dute aurtengoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduko du kultur ekimena.

Josu Labaka Kultura batzordeburuaren arabera, pixkanaka hazten joan da jaialdia: "Gure estiloarekin eta gure egiteko moduarekin oso bat datorren eboluzioa izan du, txikitik handira, behetik gora. Herritik sortu eta elkarlanaren ondorioz osatzen joan den zerbait izan da. Egun, erreferente inportante bat da tuba munduan, kasik nazioarteko jaialdia da. Askotan, nik uste kostatu egiten zaigula gauzei beren dimentsioa ematea, eta zentzu horretan, balioa eman nahi nioke egiten den lan guztiari. Udalarentzat pozgarria da horrelako eredu propio bat izatea herrian".

Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak "eskerrak eta zorionak" eman zizkien antolatzaileei tuba eta bonbardinoa bezalako "instrumentu minoritarioei" balioa emateagatik. "Halako instrumentuen inguruan eta kulturaren inguruan komunitate bat sortzea guretzat oso-oso garrantzitsua da".

Hasiera: erakusketa

Erakusketarekin hasi eta amaituko da jaialdia, baina tarte horretan, ekintza ugari egingo dituzte. Jimenezen esanetan, "bereziena" urriaren 12ko kontzertu gastronomikoa izango da. Euskadi Low Brasse arduratuko da musikaz, eta talde horrek jotako abesti bakoitzaren aurretik, Zigor Iturrietak –Txoriene telebista saioko sukaldaria– kanta horri dagokion pintxoa aurkeztuko du. Horrez gain, kontzertu amaieran, pintxo bana dastatuko dute ikusleek. 15 euro ordaindu behar da sarrera, eta gehienez ehun lagun joan ahalko dira emanaldira.

Jimenezen arabera, elkarlana da jaialdiaren ardatz nagusia. Horregatik, eskerrak eman zizkien jaialdia posible egin duten guztiei; besteak beste, Azpeitiko Udalari, Kulturaz kooperatibari, Juan de Antxieta musika eskolari, Musikeneri... Juan Carlos Ribellesek ere eskerrak eman zizkien "Azpeitiko herriari eta jaialdian inplikatzen den jende guztiari".

VIII. Tuba Jaialdiko egitaraua, osorik:

Urriaren 3tik urriaren 17ra: #TubaJaialdia2016 argazki erakusketa Sanagustinen.

Urriak 7: Hernaniko musika banda eta bakarlaria, Lekeition, 20:00etan.

Urriak 8: Azpeitiko Udal Musika Banda eta bakarlariak Soreasun, 13:00etan.

Urriak 12: Musika tresnaz mantenimendu tailerra, Azpeitiko Musika Bandaren egoitzan.

Urriak 12: Euskadi Low Brassen eta Zigor Iturrietaren (Txoriene) kontzertu gastronomikoa, Sanagustin kulturgunean, 18:30ean. Sarrerak 15 euro balio du, eta Sanagustinen eta Juantxo Txiki tabernan daude salgai.

Urriak 13: Hernaniko musika banda eta bakarlariak, Hernanin 20:00etan.

Urriak 14: Tuba Eguna, Azpeitian.

  • 09:00etan: Musikariei arrera.
  • 09:30ean: Beroketa eta teknika lanketa. Tubak David Muñozekin –Gijongo kontserbatorioko tuba irakaslea– Azpeikiko bandaren egoitzan, eta bonbardinoak David Abellanekin –Bilboko musika bandako bonbardino bakarlaria–, Dinamoa sormen gunean.
  • 10:30ean: Entsegua J.C. Ribellesen zuzendaritzapean.
  • 11:15ean: Hamaiketakoa Zokoa elkartean.
  • 12:00etan. Brass School unitate didaktikoaren aurkezpena, Eduardo Noguerolesen –Valentziko kontserbatorioko tuba irakaslea– eskutik.
  • 12:30ean: Entsegua J.C. Ribellesen zuzendaritzapean.
  • 14:30ean: Bazkaria Zokoa elkartean.
  • 16:30ean: Entsegua J.C. Ribellesen zuzendaritzapean.
  • 19:00etan: Kontzertu nagusia, Olatz Praten eta Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako abesbatzaren laguntzarekin.
  • 21:00etan: Afaria Sanagustin kulturgunean.
  • 23:00etan: Amaiera kontzertua: Antonio Rodriguez eta La Sucro Band.

Tuba Egunean parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, eta tubajaialdia@gmail.com helbidera idatzita egin daiteke. Musikariek lotura honetan bete behar dute formularioa.

Proiektua diruz lagundu nahi dutenek, berriz, Goteo.org atarian dute horretarako aukera; izan ere, finantzaketa kolektiboa jarri dute martxan Interneten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta mikromezenasgo proiektuaren barruan. 10 eurotik hasi eta 500 eurora arteko laguntzak emateko aukera dago, eta proiektua diruz laguntzen dutenek sariak jasoko dituzte trukean.