Gorka Urbizu eta Gotzon Barandiaran Sanagustinen izango dira, Azpeitia DA! ikuskizunean

Uztarria.eus 2017ko ira. 25a, 16:21
Gorka Urbizu. (Goierriko Hitza)

Durangoko Azokako Ahotseneak herriz herri ospatuko du bere hamargarren urteurrena, eta egingo dituen lau geldialdien artean dago Azpeitia. Ahotsenean hartutako irudiekin osatutako erakusketaz gain, Sanagustin bisitatuko dute Gorka Urbizu musikariak eta Gotzon Barandiaran idazleak, azaroaren 16an. 

Durangoko Azokaren baitako sortzaileen gunea da Ahotsenea, idazleek eta musikariek sortua. Aurten, 10 urte betetzen ditu, eta urtemuga herriz herri ospatuko dute. Lau geltoki izango ditu birak, eta Sanagustin kulturgunean egingo du azken geldialdia, azaroan.  

Urtemuga ospatzeko, argazki-erakusketa bat prestatu du Ahotseneak Txelu Angoitia, Saioa Cabañas Gau Ilunak eta Joseba Barrenetxea argazkilariek ateratako 25 irudirekin. Horiek ikusteko aukera izango da Sanagustinen, azaroaren 20tik abenduaren 3ra bitartean. 

Baina irudiak ez dira Sanagustinera iritsiko diren bakarrak. Izan ere, argazki erakusketaz gain, hainbat musikariren, idazleren, editoreren eta kazetariren gogoetak eta emanaldiak ere prestatu ditu Ahotseneak. Azpeitia bisitatuko duten artistak Gorka Urbizu musikaria eta eta Gotzon Barandiaran idazlea izango dira. Urbizuk eta Barandiaranek azaroaren 16an eskainiko dute emanaldia Sanagustinen, Azpeitia DA! izenpean antolatutako ikuskizunean. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta sarreren inguruko informazioa aurrerago jakinaraziko du Kulturaz kooperatibak.