Easok irabazi du VII. Azpeitia Hiria Xake Txapelketa

Uztarria.eus 2017ko ira. 25a, 13:53

Joan den zapatuan, hilaren 23an, xakea izan zen protagonista sanagustinpean, Azpeitia Hiria Xake Txapelketaren bueltan. Guztira, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hainbat txokotatik etorritako hamaika taldek hartu zuten parte txapelketan, eta Donostiako Easo taldea izan zen gailendu zena. Azkoitiko Anaitasuna Kakute A taldea sailkatu zen bigarren, eta Abadiñoko xakelariak hirugarren.

16:00etan ekin zioten sariketari, eta ligaxka eran jokatu zituzten partidak. Parte-hartzaile kopurua bakoitia izanik, txanda bakoitzeko talde batek atsedena hartu zuen. Azpeitiko Xake Taldeak sariketa antolatzen duen zazpigarren urtea da aurtengoa, eta aurrenekoz, emakume xakelariz osatutako talde batek hartu du parte Azpeitia Hiria Txapelketan. Sariak banatu ostean, parte-hartzaile guztiek afaria egin zuten, lagunartean. 

Hemen sariketaren sailkapena, osorik: 

1-Easo (Donostia)
2-Anaitasuna kakute A (Azkoitia)
3-Abadiño
4-Mekatar Iriondo (Elgoibar)
5-Anaitasuna kakute B (Azkoitia)
6-Martintxo (Gasteiz)
7-Beraun (Errenteria)
8-Azpeitia A
9-Zaleak (Bergara)
10-Azpeitia B
11-Emakume xakelariak (Donostia)

Azpeitia Hiria Xake Txapelketan lortutako emaitza Xake Partida Azkarren zirkuiturako puntuagarria da.

(Argazkiak: Iñaki Uranga)