Zapatuan itxiko da udazkeneko Emakumeen Jabetze Eskoletan izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko ira. 25a, 12:02

Urrian hasiko dira Jabetze Eskolak. Besteak beste, sabel dantza ikastaroa, autodefentsa feminista ikastaroa, ekonomia feminista tailerra eta zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa antolatu dituzte aurtengo eskoletarako. Bestalde, udazkenean zehar hainbat ekitaldi izango da Emakumeen Txokoan.

Udazkena iristearekin batera, zabalik da abendura bitartean egingo dituzten Emakumeentzako Jabetze Eskoletan izena emateko epea. Honako tailerrak antolatu dituzte Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak Jabetze Eskolen barruan: sabel dantza ikastaroa Jaione Albeniz Pagolarekin; autodefentsa feminista tailerra Emagin elkarteko Alaitz Mañesen eskutik; Soinu bidaia tailerra Zahira Montalvoren gidaritzapean; Hausnarketa feministak Miren Arangurenekin; Artearen bidea: sorkuntza ahalduntzeko estrategia gisa tailerra; Ekonomia feminista tailerra, Zoru pelbikoa indartzen ikastaroa Saioa Baenaren gidaritzapean. 

Emakumeen Txokoko eskaintza

Jabetze eskolez gain, hainbat tailer, eta espazio antolatu ditu Emakumeen Txokoak, emakumeen gidaritzapean. Emakume haurdunentzat tailerra Edurne Salegirekin; Emakumea Pilotari ekimena Alaitz Badiolarekin –eskuz edo palaz aritzeko aukera–; eta edoskitze taldea Mireya Barrutietarekin.

Izen-ematea zabalik dago hilaren 18tik eta hala egongo da irailaren 30era arte. Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko, Udaleko Parekidetasun Sailera (943-15 79 28) edo Emakumeen Txokora (943-15 70 55) jo behar da.