Duela astebete, irailaren 16an, jarri zuten martxan Udalak eta Iraurgi Ikastetxeak Betharrameko eraikin eraberrituaren etxaurrearen koloreak aukeratzeko galdeketa. Dagoeneko azken txanpan sartu da, eta bihar boza aurrez aurre emateko aukera izango da udaletxean. Hala, Internet bidez boza eman ez dutenek, bertatik bertara egiteko aukera izango dute 09:00etatik 12:30era arte udaletxeko sarreran.
Botoa eman ez duten herritarrek igandera bitartean izango dute horretarako aukera Udalaren webgunean. Lehenbizi, norbere NAN zenbakia eta jaiotze data sartu behar dira; ondoren, hiru aukeren artean gustukoena aukeratu; eta bukatzeko, boza baieztatu beharko dute galdeketan parte hartu nahi dutenek. Azpeitian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar orok eman dezake boza.