Karmele Zabaleta: "%70eko beherapena lortzea posible da zenbait produktutan"

Uztarria.eus 2017ko ira. 22a, 16:31
Karmele Zabaleta, Bertan Merkatarien Elkarteko lehendakaria.

Gaur eta bihar egingo den Stock Azokaren atarian, prestakuntzekin "buru-belarri" dabil Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteko lehendakari Karmele Zabaleta, produktuak Azoka Plaza berrituta eraman eta salmentei ekiteko.

Sotck Azoka prestatzeak zenbaterainoko lan karga du dendariontzat?
Lantegi handia du. Merkatariok egunerokoan dendako zereginetara gaude, eta gure lehentasuna bezeroak dira. Dendara bezeroa etorriz gero, beste guztia alde batera utzi behar da, eta geratzen zaigun denbora tarte horretan segitzen dugu Stock Azokarako prestakuntzekin. Merkatari bakoitzak baloratu behar du zer geratu zaigun atzera, prezioak ere zehaztu egin behar dira... Merkataritzako sektore desberdinetan aritzen gara guztiok, denok zeregin desberdinak ditugu. Esate baterako, ehunak ditugunok plantxatuta eraman behar izaten ditugu arropak, bakoitza bere pertxan jarrita, txukun aurkezteko. Beste era bateko produktuak dituztenek, berriz, kontu handia izan behar dute ezer puska ez dadin.

Guztira, zenbat postu egongo dira?
43 merkatari egongo gara, hiru lekutan banatuta. Gune nagusia Azoka Plaza berritua izango da, eta plazako arkupetan ere egongo dira postuak. Beste hainbat saltoki Erdikalean jarriko dituzte, gehienak beren denden aurrean. Beste multzo txiki bat Balentina Agirre Plazan egongo da.

Aurten, Balentina Agirre plazan ere postuak izango dira, beraz?
Garai batean, stocka Azoka Plazan bakarrik egiten zen, baina duela pare bat urte merkatariei aukera eman zitzaien beren produktuak denda kanpora ateratzeko eta salgai jartzeko. Balentina Agirre plazako merkatari batek edo bestek han bertan jartzeko proposamena egin dute elkartean, eta baimena eman zaie. Guztira, bost postu izango dira plaza horretan.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.