'Dunkerque' eta 'Richard Zikoina' filmak ikusgai datozen egunetan, Soreasun

Uztarria.eus 2017ko ira. 22a, 11:39

Udako geldialdiaren ostean, joan den igandean ekin zioten zine denboraldiari Soreasu antzokian. Aste honetan beste bi film ikusteko aukera egongo da: Dunkerque eta Richard Zikoina. Bihar, zapatua, Dunkerque emango dute 22:00etan hasita. Igandean, aldiz, bi filmak izango dira ikusgai. Aurrena, 16:30ean, Richard Zikoina ikusi ahal izango da. Ondoren, 19:30ean hasita, Dunkerque emango dute . Astelehenean, ikusleen egunean, Dunkerque izango da ikusgai berriro. Aurten, ikusleen eguneko emanaldiaren ordua aldatu dute, eta 21:00etan hasiko da filmaren emanaldia. 

Dunkerque genero belikoa duen filma da, aurten AEBn ekoitzia. 107 minutuko iraupena du filmak. 1940. urtea da; II. Mundu Gerra. Dunkerqueko hondartzetan harrapaturik daude milaka frantziar eta erresuma batuar soldadu. Alemaniarrak datoz, Frantzia konkistatu ondotik. Itsasoa amildegi bihurturik eta alemaniarrak gero eta gertuago somatuta, estutasuna eta itoaldia gero eta handiagoa izango da.  

Richard Zikoina animaziozko filma da, eta 80 minutuko iraupena du. Richard, zikoinek hezitako txolarre umezurtza da, bere burua zikoinatzat duena. Negua iristean, lurralde epelagoetara lurraldatzeko garaian, bere zikoina familiak txolarre bat dela kontatu, eta basoan geratu behar duela esaten dio, ez baitu Afrikaraino iristeko bidaia luzean bizirauteko aukerarik izango. Richard ez dago konforme, eta benetako zikoina dela erakutsi nahiko die, bidaia luzea bere kabuz eginda.