Aukeraketa sistema "hobetuta" itzuliko da Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala Azpeitira

Uztarria.eus 2017ko ira. 21a, 13:48
Atzo aurkeztu zuten txapelketa Udaleko, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko, ISBko eta Azpeitiko Sagardogileen Elkarteko kideek. (Maialen Etxaniz)

Hamabi sagardo dastatzeko aukera izango da hilaren 30eko finalean, Azoka Plazan. Aurrez jokatutako lau kanporaketetan finalera sailkatutako edariak izango dira horiek. Afaldu bitartean dastatuko dituzte sagardoak finalera hurbiltzen diren herritarrek. Horretarako txartelak erosi behar dira aurrez, eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartetik txartelak "bizi-bizi" erosteko deia egin dute, dagoeneko "mordoxka bat" saldu direlako. 

Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak hirugarren urtez jarraian, eta Azpeitiak hartuko du txapelketaren finala, hilaren 30ean. Azoka Plazak hartuko du hitzordua. Aurtengo edizioa berrituta dator, boza emateko sistema "hobetuta". 

Duela bi urte egin zuen debuta sagardo txapelketa herrikoiak, eta bi urte beranduago herrira itzuliko da finala. Horretarako arrazoiak badaudela azpimarratu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko Olatz Mitxelenak: "Itzuli gara, alde batetik, Azpeitiarekin dugun harreman onarekin segitzeko, eta, bestetik, horrelako txapelketa batek eskatzen duen azpiegituran eta antolakuntzan ezinbesteko ekipoa bilatu dugulako azpeitiarren artean". Horrelako taldeak "lasaitasun eta segurtasun" handia ematen diela azpimarratu du Mitxelenak, eta esan du "plazer bat" dela Azoka Plaza bezalako espazio bat estreinatzea.

Txapelketa martxan jarri zutenetik, esperientziatik ikasita, sariketari forma ematen aritu direla azaldu du Mitxelenak. Duela bi urteko finalean, kanporaketak eta azken sailkapena egun berean egin zituzten, baina aurten sistema "hobetu" eta beste modu batera egingo dute sagardo onenaren aukeraketa. "Finalaurrekoetan sailkatzen diren lehen bi lote onenak eta lau finalaurrekoetan puntuazioz hoberenak izan diren lau edariak izango dira finalean", azaldu du Mitxelenak. Hala, guztira, hamabi sagardo dastatzeko aukera izango dute finalera bertaratzen diren herritarrek. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartetik azaldu dutenez, "sagardo guztiek izango dute aukera aldi berean dastatuak izateako, baina mahai ezberdinetan". Horregatik azken urteetan "zerbait ikasi" dutela eta txapelketari "forma ematen" ari direla uste du Mitxelenak. 

Azpeitiak urteetan sagardoarekin eta baserriakin izan duen lotura azpimarratu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, eta horren adibide gisa jarri du Udalak uztailean aukeztu zuen Sagardoa Azpeitian liburua. Bestalde, txapelketa herrikoiaren finala herrian jokatzea, sagardoaren eta azpeitiaren arteko harremanaren "beste fruitu bat" dela esan du Etxeberriak. Era berean, eskerrak eman dizkio txapelketaren antolaketan laguntzen duten ISBri eta Azpeitiko Sagardogileen Elkarteari.

Finalerako txartelak salgai

Txapelketan izena ematen duten Euskal Herriko Sagardotegietako edariak afaltzera inguratzen diren herritar guztien artean dastatu eta puntuatuko dira. Epaile izan nahi dutenek afari txartelak hartu beharko dituzte aldez aurretik afaldu bitartean egingo baita puntuaketa lana. Hala, interesa duen edonor izan daite epaile. Afarirako txartelak "bizi-bizi" erosteko esan du Olatz Mitxelenak, txartel "mordoxka bat" erosita baitaude.

Honakoa da finaleko afariaren menua: hasierako bezala, txorizoa eta urdaiazpikoa; ondoren, entsalda nahasia, bakailao ajoarrieroa tenperatura baxuan egositako arrautzarekin eta txuleta. Postre bezala, aldiz, gazta eta irasagarra.

Azpeitian honako leku hauetan eros daitezke Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoiko finalerako txartelak, 32 euro ordainduta: Añota sagardotegian, Mendizabal erretegian, Beloki harategian eta Pastorkua tabernan. Bestalde, gipuzkoakosagardoa@gmail.com helbidera idatzita ere eskura daitezke txartelak. Epaile lanetan ariko diren herritarrek ez dute jakingo zein sagardotegitako edariak ari diren dastatzen, eta afariaren bukaeran jakingo dira irabazleak zeintzuk diren, bai finalaurrekoetan eta baita finalean ere.

Guztira, Euskal Herriko 41 sagardotegik hartu dute parte aurtengo txapelketa herrikoian. Orain arteko finalaurrekoak Ordizian eta Andoainen jokatu dira, eta datorren asteburuan Zarautzen eta Oiartzunen izango dituzte hitzorduak. Bihar, ostirala, Zarautzen, eta zapatuan Oiartzunen. 

2015ean antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia, eta orduan ere Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen finala. Orduko hartan, Petritegi sagardotegiak jantzi zuen sagardo onenaren txapela. Iaz, berriz, Akarregi izan zen txapela eraman zuen sagardotegia.