Basanderiek jaio da, Azpeitiko emakume feminista gazteen asanblada

Uztarria.eus 2017ko ira. 20a, 20:26

Herrian talde feminista bat falta zela iritzita, aldarri eta borroka bera elkarbanatzen duten hainbat neska batu ostean eratu dute Basanderiek. Besteak beste, harremanen, genero rolen eta indarkeriaren inguruko lanketak egingo dituzte. Era berean, eztabaidak, formakuntza saioak edo liburu trukaketak antolatu nahi dituzte. Hilaren 25ean, astelehena, bilera irekia egingo dute plazan. 

"Denbora gehiegi egon gara basoetan ezkutatuta, zuhaitzen itzalpean dantzan. Isiltasuna izan da gure kantua eta erreken soinua gure irrintzia. Baina herrira jaisteko ordua iritsi da, Azpeiti eraldatzeko grina dugu basandereok gure barnean". Horrela eman du Basanderiek osatzen duen neska taldeak bere sorreraren berri. Itzalpean dantza egiteari utzi, eta plazara jaitsiko dira dantzara. Beren kantuak eta irrintziak Azpeitiko kaleetan entzunaraziko dituztela esan dute. Beren nahia eta helburua da "emakumeak ezkutuan bizitzera kondenatzen dituen patriarkatua suntsitzea", borroka eginda. "Zapaldua denaren barruan sortzen den sua eta aske izateko borondatea da gurea", esan dute.

Aspaldian Azpeitian talde feminista baten "falta" sumatzen zutela eta sortu dute Basanderiek. Borroka feministak egunerokotasunean presentzia izatea "beharrezkoa" dela uste dute, eta hori lortzeko lanketak abiatuko dituzte gai ezberdinen inguruan. Harremanez, gorputzaz, genero rolez zein indarkeriaz arituko dira, besteak beste.

Gizarte feminista bat "gizarte justu bezala" identifikatzen dute Basanderiek, eta azpimarratu dutenez, "transbertsala da eta bizitzako eremu guztiak hartzen ditu". Kolektiboan eragin bat izateko, aurrez "barrutik" eragin behar dutela uste dute, eta horregatik beren artean "gune eroso bat" sortu nahi dute, "ahalduntzerako bidea elkarrekin egiteko". Horretarako barne mailako eztabaidak, formakuntza saioak eta liburu trukaketak egin nahi dituzte.

Basandereek hurrengo astelehenean, irailaren 25ean, aurreneko bilera irekia egingo dute, eta herriko neska gazte feminista guztiei bertaratzeko dei egin diete. 18:00etan jarri dute hitzordua, plazan.