Memoria historikoa zabaltzeko liburuak banatuko ditu Udalak, tropa frankistek Azpeitia hartu zuten eguna gogoan

Uztarria.eus 2017ko ira. 20a, 17:59
'Azpeitia 1936-1945' liburua

Eusko Gudarostea: Eusko abertzaleak, armak eskuan, Espainiako militarren altxamenduaren aurka liburua doan eskuratzeko aukera eskainiko dute bihar. Bestalde, agortuta dagoen Azpeitia 1936-1945 liburua sarean jarriko dute.

Gaurko egunez duela 81 urte, 1936ko irailaren 20an, tropa frankistek Azpeitia hartu zuten. Data horren urteurrena gogoan, Udalak uztailean argitaratutako Eusko Gudarostea: Eusko abertzaleak, armak eskuan, Espainiako militarren altxamenduaren aurka liburua doan eskuratzeko aukera eskainiko du bihar, osteguna, 11:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupeetan.

Bestalde, agortuta dagoen Azpeitia 1936-1945 liburua sarean jarriko dute bihar. Udalak azaldu duenez, ekintza horien bidez, "herriko historia ezagutzen eta ezagutarazten, eta protagonistei izen abizenak jartzen", jarraitu nahi du, "egia ezagutu eta justizia egitearen bidean memoria zabaltzea delakoan ekintzarik eraginkorrena".