Asier Cuevas: "Eguraldi normalagoa egin izan balu, ez nukeen arazorik izango marka ezartzeko"

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 20a, 18:45
Asier Cuevas artxiboko irudi batean.

44 urte izanagatik, atletismoko lehen lerroan jarraitzen du Asier Cuevas (Eibar, 1973) Azpeitiko bizilagunak. Herbeheretako Winschoten hirian 50 kilometrotako lasterketa jokatu zuen irailaren 9an, eta lehenengo postuan amaitu zuen proba. Horrez gain, joan zen igandean, Valladolideko (Espainia) Ribera Run Race 20 kilometroko proban ere nagusitu zen atleta.

Nola sentitu zinen irailaren 9an Herbeheretan jokatu zenuen lasterketan?

Ehun kilometroko lasterketa zen Winschoten hirikoa, eta taldeko Ibon Esparza parte hartzera zihoan. Lasterketa horrekin batera, beste proba bat egitekoak ziren, 50 kilometrokoa, eta sasoi onean sentitzen nintzenez, proba horretan parte hartzera animatu nintzen. Espainiako marka berria ezartzeko helburua nuen, baina eguraldiak ez zuen lagundu. Izan ere, euritan egin genuen ia lasterketa guztia, eta euria ez da batere egokia denbora luzez korrika egiteko. Lehenengo itzuliak marka egiteko moduan eman nituen, baina, azkenenengoan, beheraka joan nintzen, eta ezin izan nuen errekorra gauzatu. Azken finean, denbora askoan egiten dugu korrika, eta euriarekin eta haizearekin giharrek asko sufritzen dute.

Marka hautsi ez izanaren arantza al duzu?

Amorru pixka bat sentitu nuen. Izan ere, hurrengo urtean Munduko Txapelketa jokatuko dut, eta, horregatik, ezin izango dut 50 kilometroko beste lasterketa baterako prestatu. Dena den, ikusi dut halako proba baterako prest nagoela, eta horrekin geratzen naiz. Lasterketaren alde positiboa izan da irabazi egin dudala.

Alde handiarekin irabazi zenuen. Espero al zenuen beste korrikalariei halako distantzia ateratzea?

Ez nuen espero. Bigarren egin zuen korrikalariak marka oso onak ditu 50 kilometroko lasterketetan. Berarekin borrokatu beharko nuela uste nuen. Baina hark ere aipatu zidan euriak min handia egin ziola eta kostata iritsi zela helmugara.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.