Kontsumo ohituren azterketaren emaitzak aurkezteko bilera egingo dute merkatariekin

Uztarria.eus 2017ko ira. 20a, 15:11

Urriaren 24an egingo dute bilera Azpeitian, 15:00etan. Datuak aurkezteaz gain, emaitzen balorazioa egingo dute bilkuran, eta merkatarien kezkak jasoko dituzte.

Urola Erdiko Merkataritza Mahaiak bailarako kontsumo ohiturak ezagutzeko azterketa bat egin du, eta ikerketaren ondorioak merkatariei aurkeztuko dizkiete urrian zehar. Horretarako, bilerak egingo dituzte herriz herri, eta, Azpeitian, urriaren 24an elkartuko dira merkatariekin, 15:00etan. Datuak aurkezteaz gain, emaitzen balorazioa egingo dute, eta merkatarien kezkak jasoko dituzte.

Martxoan hasi zuen merkataritza mahaiak ikerketa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lehiakiortasuna eta lurralde kohesioa programaren bidez finantziatu dute. Uztailera bitartean, adin, sexu eta jatorrizko udalerri desberdinetako 1.050 herritarrek inkesta bat bete zuten. Egunero eta aldizka egiten dituzten erosketei buruzko galderak erantzun zituzten haiek; merkataritza mahaiak dagoeneko eskuartean ditu emaitzak, eta ondorioak "esanguratsuak" direla azpimarratu du. Aurreratu duenez, eguneroko erosketak – ogira, fruta, haragia eta arraina– saltoki txikietan egin ohi dituztela, eta gainerako produktuetan azalera handiko saltokiek "presentzia handiagoa" dutela. Horrez gain, jaso dituzten emaitzen arabera, herritarren %48ak Internet bidez erosi izan du azken urtean, eta gehienak gustora daude herriko merkataritza eskaintzarekin.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek eta merkatari elkarteek, Dendartean Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkurak eta Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentziak osatzen dute merkataritza mahaia, merkatari txikiak sustatzeko asmoz. Horretarako, lankidetza proiektuak egiten dituzte.