Urriaren 15era arte eska daitezke sustapen ekonomikorako diru-laguntzak

Uztarria.eus 2017ko ira. 19a, 17:16
Gaur eman dute diru-laguntzen berri Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Estitxu Elduaien zinegotziak eta IƱaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko teknikariak. (Maialen Etxaniz)

350.000 euro bideratuko ditu Udalak Sustapen Planera. Lau lerrotan banatuko dituzte diru-laguntzak: enpresa eta industria proiektu estrategiko edo berritzaileak bultzatzeko; ekintzailetza sustatzeko; izaera sozialeko proiektuak bultzatzeko; eta merkataritzan eta lehen sektorean enplegua sustatzeko. Iaz, 86 proiektu lagundu zituzten diruz. 

Ekonomia indartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko helburuarekin, 350.000 euro bideratuko ditu Udalak Sustapen Planera, iaz baino 50.000 euro gehiago. Sostengu ekonomikoa eskatzeko epea zabalik dago, eta urriaren 15era bitartean egin daitezke eskaerak. Azken urteetan bezala, lau lerrotan banatuko dituzte diru-laguntzak: enpresa eta industria proiektu estrategiko edo berritzaileak bultzatzeko; ekintzailetza sustatzeko; izaera sozialeko proiektuak bultzatzeko; eta merkataritzan eta lehen sektorean enplegua sustatzeko.

  • Izaera sozialerako proiektuak: Diru-laguntza jaso ahal izango dute helburu soziala duten ekintzaileen proiektuek. Balio solidarioak, komunitarioak edo gizarte-justiziakoak barnebiltzen dituztenak behar dute izan. Gehienez, 40.835 euro bideratuko dira lerro horretara.
  • Merkataritza eta lehen sektorerako laguntzak:  Merkataritzako edo lehen sektoreko enpresek jaso ahal izango dute diru-laguntza, baita merkataritzako eta lehen sektoreko jarduerak Alde Zaharrean, Nuarben eta Urrestillan jartzen dituztenek ere. Diru-laguntza bideratuko da jarduerak edo inbertsioak egokitzeko eta behar berrietara moldatzeko. Esaterako, lokalak handitzeko, negozio lerro berriak sortzeko eta erakusleihoak berritzeko. Udalak 46.665 euro bideratuko ditu esparru horretara.
  • Enpresa eta industria proiektu estrategiko edo berritzaileak:  Diru-laguntza honen onuradun izango dira, alde batetik, 25 langile baino gutxiago dituzten enpresak eta proiektu berritzaileak eta Azpeitiaren dibertsifikazioa bultzatzea helburu dutenak. Bestalde, langile kopurua kontuan izan gabe instalazio eta ekipamendu tekniko eta teknologikoetan inbertitu nahi duten enpresak ere jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak. Azpeitian helbideratuta dauden enpresek jaso ditzakete diru-laguntzak.  Gehienez, 192.500 euro bideratuko ditu Udalak lan-lerro horretara.
  • Ekintzailetza: Autonomoak eta ekintzaile berriak –norbanakoak zein talde txikiak– nahiz ekonomia sozialeko enpresak sortzen dituztenek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak. Udalak azpimarratu du diru-laguntzak eskatzeko ez dela beharrezkoa lanerako leku fisiko jakin bat izatea, etxetik lan egiten duten autonomoak ere laguntzen direla diruz. 70.000 euro bideratuko ditu ekintzailetzaren esparrura.

Diru-laguntzen eskera udaletxean egin behar da, urriaren 15a baino lehen. Eskaera orriak Azpeitiko Udalaren webgunean daude eskuragarri. Sustapen Planaren inguruko informazio gehiago jaso nahi duenak Azpeitia Berritzenek Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan duen bulegora joan beharko du edo 943-15 71 83 ztelefono enbakira deitu.

"Tresna eraginkorra"

Iaz, Sustapen Planera bideratutako diru guztia banatu zuen Udalak. 2013an "herriko ekonomia indartzeko eta langabeziari aurre egiteko" diru-laguntza lerro hori martxan jarri zutenetik, eskaera gehien jaso zuten urtea izan zen 2016a. Guztira, 89 eskaera jaso zituzten, eta 86 proiektu lagundu zituzten diruz.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi du Sustapen Plana "tresna eraginkorra" dela. Izan ere, "tresnaren eraginez" langabezia tasak "behera" egin du. Horrez gain, azaldu du Sustapen Planaren helburuak direla, besteak beste, lanpostuen kalitatea bermatzea eta prekarietateari aurre egitea. "Jakitun gara gaur egungo soldatak ez direla krisia iritsi aurretik zeuden soldaten parekoak", esan du Etxeberriak. Herritar orok "etorkizun duina" izateko eskubidea duela iritzita, hori lortu artean lanean jarraitzeko prestutasuna agertu du Udalak.