Sendotzeko iturrien bila

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 19a, 15:35

Azpeitiko Tuba Jaialdiak finantzaketa kolektiboa jarri du martxan Interneten, Meta proiektuaren barruan, urriaren 3tik 17ra egingo duten zortzigarren edizioa babesteko.

Musika banda eta orkestra gutxitan faltako dira, baina “jende gehienak ez daki zer diren tuba bat edo bonbardino bat”, dio Agustin Jimenezek (Azpeitia, 1974). Ezjakintasun hori apaltzeko, bi haize instrumentuokin ere “musika egin daitekeela” erakusteko, eta tuba eta bonbardinoa maite dituzten musikariak elkartzeko asmoarekin hasi ziren Jimenez eta Azpeitiko Metal Boskoteko kideak Tuba Jaialdia antolatzen. 2010ean egin zuten lehendabizikoa, eta zortzigarrenaren atarian daude. Urriaren 3tik 17ra egingo dute aurtengoa, eta berrikuntzekin dator 2017ko edizioa.

Datozen egunetan emango dute ia itxita duten egitarauaren berri, baina aurretik badute beste egitasmo aipagarri bat esku artean. Izan ere, finantzaketa kolektiboa jarri dute martxan Interneten, Goteo.org atarian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta mikromezenasgo proiektuaren barruan. Atzo aurkeztu zituen aldundiak aurten lagunduko dituen egitasmoak; Tuba Jaialdiarekin batera Azpeitiko beste egitasmo bat ere badago, #AnnapurnaII_86, eta Telmo Irureta zumaiarraren bizitzaren gaineko Urez eta harez filma ere bai. Metarekin, finantzaketa kolektiborako kanpainaren ekarpenen bidez jasotzen duen euro bakoitzeko, euro bateko diru laguntza emango dio egitasmo bakoitzari aldundiak, 100 euro arteko ekarpenetan; guztira, egitasmo bakoitzarentzat 3.500 euroko laguntza dago aurreikusita.

Jarraitu albistea irakurtzen Urola Kostako Hitzan