Olatz Alkortaren kolore biziko lanak, Sanagustingo hormetan zintzilik

Uztarria.eus 2017ko ira. 19a, 12:05

Olatz Alkorta azpeitiarraren margolanak ikusgai daude gaurtik, irailaren 19tik, Sanagustin kulturgunean. Erakusketara bertaratzen denak Alkortaren dozenatik gora lan ikusteko aukera izango du; kolore biziz jantzitako margolanak dira gehienak. Interneten aurkitutako irudiak edo gustuko dituen ilustrazioak egiten ditu azpeitiarrak, transferra erabilita, margo akrilikoekin, olio-pinturekin, akuarelekin edo kafearekin. Azpeitian jartzen duen bigarrengo erakusketa da. Izan ere, joan den urtarrilean Aisialdi Gastro Tokian jarri zituen ikusgai bere lanak aurrenekoz. Orduan, Alkortari elkarrizketa egin zion Urola Kostako Hitzak. Urriaren 3ra arte egongo da erakusketa ikusgai Sanagustinen.