Artxara Kooperatiba Elkarte Txikiak kudeatuko du Azoka Plazako Elikagunea

Uztarria.eus 2017ko ira. 18a, 21:45
Elikagunean bertako produktuak izango dira protagonistak. (Azpeitiko Udala)

Saltoki iraunkorrean 150 kilometroren bueltan ekoiztutako elikagaiak eta horiekin prestatutako plater ontziratuak salduko dituzte. Bestalde, Elikaguneko sukaldearen bueltan ikastaroak, hitzaldiak, zuzeneko sukaldaritza saioak eta dastaketak antolatuko dituzte. Emakida 10 urtetarako izango da, eta esleipendunak hilero 1.000 euroko kopurua ordaindu beharko du.

Azoka Plazako elikagunearen kudeaketa irabazi asmorik gabeko Artxara Kooperatiba Elkarte Txikiak kudeatuko du obrak amaitu ostean. Udalak azaldu duenez, aho batez onartu zuen esleipena joan den uztailean, eta gaur, astelehena, eman du horren berri. Proiektu bakarra aurkeztu zen lehiaketa publikora, eta kontratazio mahaiak "teknikoki balorazio altua" eman zion proiektuari.

Elikagunea saltoki iraunkorra izango da, eta bertan Azpeitiko, eskualdeko eta, oro har, Euskal Herriko produktuak salduko dituzte. 150 kilometroren bueltan ekoiztutako elikagaiak, hain zuzen. Elikagunearen barruan, sukaldea egongo da, eta bertako lehengaiekin egindako plater ez industrial ontziratuen obradorea izango da. Plater prestatu horiek saltoki iraunkorreko hozkailuetan egongo dira salgai. Horrez gain, Elikaguneko sukaldearen bueltan, ikastaroak, hitzaldiak, zuzeneko sukaldaritza (showcooking) saioak eta dastaketak antolatuko dituzte, besteak beste.

Elikagunearen emakida 10 urtetarako izango da, eta esleipendunak hilero 1.000 euroko kopurua ordaindu beharko du.

Udalaren helburua da, azoka plaza "bertako produktuak erosteko gunea izateaz gain, horien sustapenerako, ezagutzarako eta bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko lekua izatea".