Kaleko egitaraua osatu du Azoka Herritik egitasmoak

Uztarria.eus 2017ko ira. 16a, 22:13

Lasaia izan da aurtengo Azoka Herritikek kalerako prestatua zuen egitarauaren bigarren zatia. Goizean baino hutsago egon da plaza arratsaldean; hala ere, azkenerako jendetxoa inguratu da musika eskolakoen, gitarristen, KBeat ahots taldearen eta Dantza Suelto Eskolakoen emanaldia jarraitzera. Aurretik, Frontoi Txikian pilota partidak izan dira, xakean aritzeko aukera ondoko plazatxoan, eta umeak gogotik jardun dira Sanagustinpean prestatu duten mandala handia margotzen; eta plazan, artisauen eta kooperazio taldeen postuak ere egon dira.

Gaur kontzertua eta bihar zinema

Kalekoak bukatuta, aretoetan eskainiko ditu aurtengo Azoka Herritik egitasmoak azken bi hitzorduak. Gaur, 23:00etan hasita, Arkupehotsak egitasmoaren lehen kontzertua emango dute Sanagustin kulturguneko Arkupean Hartz taldeak eta Mikel Urakenek.

Bihar, berriz, Mateo Txistu filmaren 30. urteurrena ekarriko dute gogora Soreasu antzokian. 19:30ean, Azpeitiko Zineklubak egindako lana ikusteko eta haren gaineko solasaldia jarraitzeko aukera izango da.