Ilunperen zazpi bikote lehiatuko dira Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketan

Uztarria.eus 2017ko ira. 15a, 12:50
Frontoi Txikian gaur eta bihar izango dira Kluben Artekoaren partidak.

Kadete mailan lau bikote eta seniorretan hiru aurkeztuko ditu Azpeitiko pilota elkarteak. Asteburuan hasiko da txapelketa eta gaur eta bihar partidak jokatuko dituzte Frontoi Txikian.

Asteburuan hasiko da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa, eta Ilunpek izango ditu ordezkariak lehian. Infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan jokatuko da txapelketa, eta azpeitiarrak kadeteetan eta seniorretan ariko dira aurtengo edizioan.

Guztira, Ilunpeko zazpi bikotek hartuko dute parte kluben artekoan. Kadete mailan, Azpeitiko lau bikotek jokatuko dute, denek 1. mailako lehian. Seniorretan, berriz, hiru bikote izango ditu Ilunpek, Ohorezko mailan, 1. mailan eta 2. mailan bana

Txapelketaren lehen jardunaldian, gaur eta bihar partidak jokatuko dituzte Frontoi Txikian. Gaur, 18:30ean hasita, kadete mailako neurketa bat, eta seniorren 2. mailako bat eta Ohorezko mailako beste bat ikusteko aukera izango da. Bihar, berriz, Azoka Herritiken programazioaren barruan, emakumezkoen arteko partiden ondoren, Azpeitiko bi bikoteren arteko neurketa jokatuko da, kadete mailakoa. 16:00etan hasiko da zapatuko jaialdia.