Ekain Ibarguren, zirkuko unibertso magikoa eraikitzen

Uztarria.eus 2017ko ira. 14a, 19:34
Ekain Ibarguren Tolosako zezen plazan, zirkuko harmailak egiten. (Ataria.eus)

Iker Galartza aktorearen Gure Zirkua proiektuan murgilduta dabil pailazo azpeitiarra. Euskal artisten topagunea izango zen zirkoa sortzea zen Galartzaren nahia, eta dagoeneko hartu du itxura. Udazkenean eskainiko dituzte aurreneko ikuskizunak kolorezko oihalaren azpian.

Egun guztia pantailari so igarotzea arrunta den garaiotan, zirku bat martxan jartzea otu zitzaion Iker Galartza aktore amezketarrari. Kolorez jantzitako karpa handi bat erosi zuen aurrena, eta uztailaz geroztik hura muntatzen aritu da Tolosako zezen plazan. Bi esku nahikoa ez direnez, Galartzaren lagun batzuk beren alea jarri dute Gure Zirkua aurrera ateratzeko. Horien artean dago Ekain Ibarguren pailazo azpeitiarra. 

Orain dela bi urtetik ezagutzen du Ibargurenek Galartza, eta azpeitiarrak gogoan du hasieratik egin zuela harreman ona aktore amezketarrarekin. "Ikasketak utzi eta zirkuaren munduan hasi nintzenean, ateak jo beharrean aurkitu nintzen. Poxpolo eta Mokolori [Iker Galartza eta Iñaki Odriozolak osatzen duten pailazo bikotea] bideo batzuk bidali nizkien, nire lana ezagutu zezaten. Gainera, Gabonetan ikuskizun berezi bat egiten dutenez, emanaldi horretan boluntario aritzeko prest agertu nintzen. Esperientzia ederra izateaz gain, Ikerrekin harreman ona egin nuen", gogoratu du Ibargurenek.

Ordurako, Galartzak buruan zebilkien zirko bat martxan jartzeko asmoa, baina Ibargurenek "esperantzarik ez" zuen. Hilabete gutxiren buruan, Amancay Gaztañagaren ahotik jakin zuen azpeitiarrak Galartzak karpa bat erosi zuela. Eta ez hori bakarrik, berri on bat ere jaso baitzuen Ibargurenek: Iker Galartzak berekin lan egitera gonbidatu zuela. "Atsegin handiz" baiezkoa eman ostean, Tolosako zezen plazara hurbildu zen Ibarguren muntaketa lanetan laguntzera. Ez da ordu gutxiko lana izan, karparen barruko harmailak eskuz egin baitituzte. Guztira, 200 inguru ikuslerentzat tokia egongo da bertan.

(Argazkia: Tolosako zezen plazan muntatu duten zirkua. Ataria.eus)

Euskal Herriko artisten plaza

Disziplina ezberdinak jorratzen dituzten artistak hartuko dute parte Gure Zirkuan, eta ikuskizun tradizionalak eskainiko dituzte, animaliarik gabekoak. Etorkizunean, Euskal Herriko trapezistak, funanbulistak, malabaristak, pailazoak edota dantzariak elkartuko dituen zirkua sortu nahi dute. Ibarguren malabarista lanetan ariko da Gure Zirkuan, eta bidelagun izango ditu bailarako beste lagun batzuk, Koldo Arakistain zarauztar trapezista kasu. 

Behin karpa muntatuta, bertan egingo dituzte aurreneko entrenamenduak. Ikuskizunekin, aldiz, iraila bukaera aldera hasteko asmoa dutela aurreratu du Ibargurenek: "Gaur jakin dugu, ziurrenik, hil amaieran hiru saio eskainiko ditugula Tolosan, baina hitzorduak oraindik ez daude zehaztuta. Herriz herriko itzulia udaberri aldera egitea aurreikusten da".