Aisialdi aktiboa bultzatzeko Osasun Ibilbideak, martxan

Uztarria.eus 2017ko ira. 14a, 12:43
Astean oinez bi irteera egiten dituzte egitasmoan parte hartzen duten herritarrek. (Azpeitiko Udala)

Adineko herritarrei taldean oinez ibiltzera irteteko aukera ematen dien programa da Osasun Ibilbideak. Ikasturte honetan, parte-hartzaileek astelehen eta ostegun goizetan egingo dituzte irteerak. Egitasmoan parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar. 

Beste urte batez, abian da Osasun Ibilbideak egitasmoa. Programaren xedea da adineko herritarrei taldean oinez ibiltzera irteteko aukera eskaintzea, astean bi irteera antolatuta. Begirale batek gidatzen ditu ibilaldiak, eta zailtasun maila errazekoak izaten dira. Hasi berri den ikasturtean, astelehenetan eta ostegunetan egingo dituzte irteerak.

Astelehenetan 11:00etatik 12:15era aterako dira parte-hartzaileak oinez, Sanagustinpetik. Ostegunetan, aldiz, 10:00etan ekingo diote ibiltzeari, eta 11:30ean amaituko dute saioa. Egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek ordu eta egun horietan udaletxeko arkupera azaltzea besterik ez dute egin behar.

Astean bitan ohiko ibilbideak egiteaz gain, hilero ekintza edo irteera bereziren bat egiten dute Osasun Ibilbideak programako parte-hartzaileek. Iaz, esaterako, Ibai-Eder urtegira, Landetako Egaña gozotegira eta Izarraitz gazta kooperatibara bisitak egin zituzten.

Edozein zalantza argitu edo informazioa jaso nahi dutenek honako telefonoetara dei dezakete: 943-15 00 95 (Kirol Saila) edo 943- 15 71 92 (Gizarte Zerbitzuak).