Larrañagak Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko du zapatuan

Uztarria.eus 2017ko ira. 12a, 15:17

Abadiñon jokatuko du kanporaketa azpeitiarrak, 18:00etan hasita. Guztira, hamaika aizkolari ariko dira lehian, eta lehen sei postuetan sailkatzen direnek lortuko dute urriaren 15ean Donostian jokatuko den finalean aritzeko txartela.

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da zapatuan, irailak 16, Abadiñon (Bizkaia), eta bertan izango da Mikel Larrañaga azpeitiarra.

Lehen maila osatzen duten hamabi aizkolarietatik hamaikak hartuko dute parte kanporaketan: Aitzol Atutxak, Iñaki Azurmendik, Joseba Otaegik, Jon Irazuk, Ugaitz Mugerzak, Eneko Otañok, Julen Alberdik, Jon Rekondok, Iker Vicentek, Juan Jose Lopezek eta Mikel Larrañagak. Jose Mari Olasagastik ezingo du parte hartu kanporaketan, eta horrek hurrengo urtean bigarren mailan aritzera eramango du. Izan ere, bi urte jarraian lehiatzen ez diren aizkolariak mailaz jaisten dira zuzenean.

Larrañagak eta gainerako aizkolariek 6 pago enbor ebaki beharko dituzte zapatuko kanporaketan, 54 ontzako bi enbor, 60 ontzako bi enbor eta 72 ontzako bi enbor. 

Abadiñoko kanporaketan aurreneko sei postuak eskuratzen dituzten aizkolariak igaroko dira urriaren 15ean Donostian jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalera.