Datozen hilabeteetarako dituen erronkak aurkeztuko ditu Ernaik ostiralean

Uztarria.eus 2017ko ira. 11a, 18:55

Batzar irekia egingo du Ernaik ostiralean, Gaztetxean. "Kalera irten eta proiektu eraldatzaileak" martxan jarri nahi dituzten gazteei dei egin die batzarrera hurbil daitezen. 

Ikasturte hasierako batzarra deitu du Azpeitiko Ernaik ostiralerako. Bertan, datozen hilabeteetarako dituzten asmoen berri emango dute Gaztetxean, 18:00etan hasita. Datorren ikasturtean "erronka ugari" dituztela aurreratu du Ernaik. Irailean, esaterako, Baimenik ez aske izateko! kanpaina abiatuko dute, begirada Herrialde Katalanetan jarrita. "Argi dugu independentziarako pauso sendoak ematen hasteko garaia dela, nahi dugulako, behar dugulako eta posible dugulako Euskal Herri independente bat sortzea", esan du gazte antolakundeak. 

Bestetik, beren helburu estrategikoak lortzeko independentzia lortzearen garrantzia azpimarratu dute: "Guk nahi dugun moduko Euskal Herria lortzeko, gure gainerako helburu estrategikuek lortzeko, sozialismoa eta feminismoa lortzeko, beharrezkoa ikusten dugu".

Gazte prespektibatik "iraultzarako haziak ereiten hasteko garaia" dela esan du Ernaik, "Azpeitiko kaleetara irten eta proiektu eraldatzaileak martxan jartzeko ordua". Horregatik, dei egin die interesa duten gazteei bilkurara hurbil daitezen.