Eneritz Larrañaga: "Asko kostatu zait AEBetako saskibaloi motara egokitzea"

Berria.eus | Artikulua
2017-09-09 14:12

Miamiko (Oklahoma, AEB) Northeastern Oklahoma A&M College taldera joan zen iaz azpeitiarra,  antolatzaile moduan jokatzera. Jaioterria utzi eta mila kilometrotara dauden gazteen inguruan erreportajea egin du 'Berria'k. Azpeitiarraren bizipenak jaso dituzte bertan, besteak beste.

Eneritz Larrañaga, AEBtan jokatutako partida batean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Iraurgi saskibaloi taldean hasi zen jokatzen Eneritz Larrañaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1998). Orain dela hiru urte, Iraurgirekin Guadalajarara (Espainia) joan zen Larrañaga Espainiako Txapelketa jokatzera. Juniorreko lehen urtea izanik, txapelketa oso ona egin zuela dio azpeitiarrak. Txapelketa hartatik etorri baitzitzaion AEBetara joateko eskaintza. «Hasieran, ez nintzen jabetu eta ez nizkion buruari bueltak eman. Baina, gero, ohartu nintzen azkenerako aukera ederra izango zela beste etapa bat hasteko. Etxekoek ere animatu egin ninduten». Eta, hala, 2016ko abuztuan joan zen Miamira (Oklahoma, AEB), Northeastern Oklahoma A&M College taldera joko antolatzaile moduan, hain zuzen ere. NJCAA ligan ari da jokatzen Larrañaga, hau da, Unibertsitateko Liga baino maila bat beherago.

Urtebete egin du jada Larrañak Miamin, eta, hango bizimodura egokitu den arren, hasierako egunak gogorrak egin zitzaizkiola aitortu du azpeitiarrak. "Nik espero ez nituen gauzak bizi izan ditut. Banekien bakarrik egongo nintzela. Halere, lagun onak egin ditut, eta orain ondo moldatzen naiz. Okerrena eta zailena AEBetako saskibaloi motara egokitzea izan da, askoz ere indibidualagoa eta fisikoagoa baita". Larrañagak dio urte amaiera arte ezin ziola erritmoari jarraitu, eta, horren ondorioz, ezin izan zuela asko jokatu. "Hala ere, minutu gutxi horiek ondo aprobetxatu ditut, eta, pixkanaka-pixkanaka, gehiago jokatuz joan naiz. Jada hartu dut erritmoa, eta, aurten, gehiago jokatzen saiatuko naiz".

Erreportajea osorik, Berria.eus-en webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa