Haziak lortzeko teknikak azalduko dituzte asteartean baratze parkean

Uztarria.eus 2017ko ira. 8a, 16:15

Kutxa Ekogunearen eta Azpeitiko Udalaren eskutik, Nola lortu norberaren haziak? tailerra eskainiko dute asteartean, hilaren 12an, Azpeitiko Baratze Parkean. 17:00etatik 18:15era, Otzakako baratzean eskainiko dute saioa, eta 18:15etik 19:30era, Izarraizpen egongo dira. Edonorrek har dezake parte tailerrean, eta doakoa izango da.

Antolatzaileek adierazi dute baratzegintzaren "lan politenetakoa" dela landareen prozesu osoa norberak egitea; hau da, hazitarako landareak aukeratzea, landareei haziak ateratzen uztea, haziak hartu eta gordetzea... Hori guztia modu egokian egiteko teknikak irakatsiko dituzte. 

Horrez gain, Furgobaratza zerbitzua ere egongo da. Bertan, baratzegintzari buruzko aholkularitza jasotzeko edota plantel eta hazi ekologikoak erosteko aukera eskainiko dute.