Azpeitiaren eta Hazparneren senidetzaren 30. urteurreneko festa izango da hilaren 23an

Uztarria.eus 2017ko ira. 8a, 12:51
Senidetzaren urteurrenaren harira, Hazparnen elkartu ziren bertako eta Azpeitiko Kantujirako kideak.

Hazparnen izango da jaia, eta egun osorako egitaraua prestatu dute senidetzaren 30. urteurrena ospatzeko. Azpeitiko Udalak hara joateko doako autobusak antolatu ditu, eta hilaren 15ean itxiko dute autobuserako izen-ematea.  Azpeitiko Udalak Done Jakue kaleko Gernikako Arbolaren kimu bat eramango du Hazparnera, bertan landatzeko.

Irailaren 23an, zapatua, festa eguna izango da Hazparnen. Izan ere, aurten 30 urte bete dira bi herriak senidetu zirela, eta urtemuga aitzaki hartuta, egun osorako festa antolatu dute. Urtea hasi zenetik, hainbat eta hainbat ekintza prestatu dituzte bi herrietako Udalek eta hainbat eragilek. Jarduerekin jarraitu asmoz prestatu dute hurrengo festa, eta Azpeitiko Udalak herritarrei dei egin die Hazparnera bertaratu daitezen.  

Egun horretan, Azpeitiko udal ordezkariak Hazparnen izango dira, eta hango agintariek harrera instituzionala egingo diote Azpeitiko korporazioari. Senidetzaren harira, berezitasun bezala, Azpeitiko Udalak Done Jakue kaleko Gernikako Arbolaren kimu bat eramango du Hazparnera, bertan landatzeko. "Zerbait berezia eskaini nahi diogu Hazparneri egun horretan, eta uste dugu polita dela guretzat berezia den zuhaitz baten kimua bertan landatzea”, adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak. 

Honako hau da prestatu duten egitaraua, osorik:

 08:30ean: Autobusen irteera, anbulatorio aurretik.

10:00etan: Azpeitiarrei harrera, Mendealaren aurrean.

10:30ean: Haritz landatzea.

11:00ean: Kalejira udaletxeraino.

11:45ean: Udalbatza, udaletxean.

12:45ean: Zintzur bustitzea eliza plaza aurrean.

13:45ean: Bazkaria. 

16:30ean: Kantuak, dantzak eta musika.

19:00etan: Azpeitira buelta, Harana plazatik.  

Autobuserako izen-ematea zabalik 

Hilaren 23ko festara joan nahi duten herritarrek irailaren 15a bitartean eman beharko dute izena Kultur bulegoan (943-15 70 68 telefonoa). Udalak Hazparnera joateko doako autobusak jarriko ditu, baina Hazparnera doazenek beraiek ordaindu beharko dute han egingo den bazkaria. Helduek 25 euro ordaindu beharko dituzte bazkarirako txartelak. Haur eta gaztetxoek, berriz, 10 euro.