Kataluniako erreferendumari babesa erakutsi diote Azpeitiko GEDk eta berrehundik gora herritarrek

Uztarria.eus 2017ko ira. 7a, 21:28
Azpeitiko GEDko kideak, herriko aurpegi ezagunak eta aldarriarekin bat egiten duten dozenaka azpeitiar bildu da plazan. (Maialen Etxaniz)

Kataluniarren prozesua arreta bereziarekin jarraituko dutela azpimarratu dute, "hori baita GEDk herriarentzat nahi duena: euskal herritarrak egun batean erabakitzeko aukera izatea". Erabakitzeko eskubidearen aldeko Azpeitiko taldeak esan du, herri borondateari ezin zaiola "inolako mugarik" jarri, eta dei egin die herritarrei GEDk irailaren 16rako deitu duen mobilizazioan parte har dezaten. 

Azpeitiko Gure Esku Dagok eta berrehundik gora herritarrek babesa erakutsi diote Katalunian estatus politikoaren inguruan urriaren 1ean egingo duten erreferendumari. Atzo, irailak 6, onartu zuten erreferendumaren legea Kataluniako Parlamentuan. Egun bat beranduago egin du agerraldia Azpeitiko GEDk, plazan.

Kataluniarren prozesua "arreta bereziarekin" jarraituko dutela esan dute Laxaro Azkune eta Eneritz Albizu Azpeitiko GEDko kideek: "Urriaren 1ean herritarrei independentzia nahi duten ala ez galdetuko zaie. Estatuarekin mantendu nahi duten harreman politikoari buruz galdetuko zaie. Nazio gisa zer izan nahi duten erabakiko dute. Eta Euskal Herritik arreta bereziarekin jarraituko dugu haien prozesua, horixe bera baita Gure Esku Dagok gure Herriarentzat nahi duena: euskal herritarrok egun batean aukera izatea, erreferendum lotesle eta demokratiko baten bidez, estatuarekin mantendu nahi dugun harreman politikoa zehazteko. Gure etorkizun politikoaren protagonistak izatea, alegia".

Bestalde, azpimarratu dute Azpeitiko GEDk uste duela XXI. mendean estatu baten mugak aldatu nahi dituzten egitasmoak autodeterminazio-erreferendum baten bidez bideratu behar direla, "modu demokratikoan": "Quebec-en, Eskozian edo Montenegron egin zuten bezala, adibidez. Bertan, herri-borondateari ez zioten inongo mugarik jarri. Estatuek ez zuten mehatxuen hizkuntza erabili, Espainian bezala". Euskal Herrian edo Katalunian "gauza bera" gertatu beharko litzatekeela esan dute, "gatazka politikoak konpontzeko biderik eraginkorrena prozedura demokratikoak erabiltzea baita”.

"Benetako demokrazia batean” herriari hitza ukatu ezin zaiola esan dute Azpeitiko GEDko kideek, eta kontsulta debekurik egon beharko ez lukeela azpimarratu dute: "Egitasmo guztiek, giza-eskubideen aurkakoak ez badira, egingarriak izan beharko lukete, baita egitasmo independentistek ere. Demokrazia batek ezin du inoiz hautestontzia ukatu". Legalitatea ala zilegitasun demokratikoaren artean aukeratzekotan, Azpeitiko GEDk "beti" bigarren horren alde egingo duela esan dugaurko agerraldian, uste duelako “legeek pertsonen zerbitzura egon behar dutela, eta ez alderantziz".

Orain, "Kataluniaren ondoan egoteko unea" dela esan dute, Katalanak "hamaika alditan, une zailenetan" beraiekin egon diren moduan. Baina "elkartasun jator" horretatik harago; Kataluniarekin ere egon behar dutela esan dute, "haien erreferendumaren aldeko mobilizazioa Euskal Herriko erabaki eskubidearen aldeko mobilizazioa ere badelako. Haien prozesua gure prozesua ere badelako. Ondo ulertu zuen Agirre lehendakariak esan zuenean: Beti Kataluniarekin".

Mobilizazio nazionalerako deialdia

Agerraldia amaitzean, irailaren 16an Gure Esku Dagok Kataluniako erreferendumaren alde egingo duen manifestaziora animatzeko dei egin diote herritarrei. Mobilizaziora joateko autobusak antolatuko ditu GEDk, eta honako taberna hauetan egin daiteke izen-ematea: Orkatz, Berdie edo Kantoi.

Atzo, irailak 6, onartu zuten erreferendumaren legea, Kataluniako Parlamentuan. Aldeko 72 botorekin eta 11 abstentziorekin onartu zuten urriaren 1ean independentziarako erreferenduma egiteko legea. Espainiako Auzitegi Konstituzionala prozesura baliogabetzea aztertzen ari da gaur goizetik.