Gazteria Saileko zerbitzuak, martxan hasteko pronto

Uztarria.eus 2017ko ira. 7a, 15:56

GIBa astelehenean, irailaren 11n, zabalduko dute. Ludotekek, berriz, aurrez ate irekiak eta izen-ematea egin behar dutenez, hilaren 21ean irekiko dituzte ateak. 

Opor garaia igarota eta ikasturtea ate joka dagoela, lanean hasita daude Gazteria Saileko zerbitzuetako langileak, haur zein gazteek zerbitzuez gozatzen hasterako dena prest izan dezaten. Gazte Informazio Bulegoa (GIB) izango da bere zerbitzuak eskaintzen hasiko den aurrena, eta astelehenean, hilaren 11n, zabalduko ditu ateak, ohiko ordutegian. Txiki Txoko eta Iturritxiki ludotekak eta Gaztelekua, berriz, astebete beranduago zabalduko dituzte. 

Bi ludotekek ate irekiak eta bazkide izateko izen-ematea egingo dute irailaren 18an, 19an eta 20an, 14:00etatik 19.00etara bitartean. Behin horiek eginda, hilaren 21ean, ostegunean, irekiko dituzte Iturritxiki zein Txiki Txoko, ohiko ordutegian. 

Gaztelekuari dagokionez, orailaren 19an, asteartean, hasiko da martxan, iazko ordutegi berean. Ate irekiak, ordea, irailaren 26an, 27an eta 28an egingo dituzte, 11:00etatik 19: 00etara bitartean.

Aurten, berrikuntza moduan, bai Ludoteketako eta bai Gaztelekuko erabiltzaile izateko adinean dauden haurrei zein nerabeei beren etxeetara eskutitza bidaliko zaie informazio guztiarekin. Hala ere, edozein zalantza argitu nahi dutenek 943-15 71 61 telefonora deitu edo gazteria@azpeitia.eus helbidera idatz dezakete.