Olaia Aira: "Enpresak gure eskubideak errespeta ditzala da eskatzen duguna"

Uztarria.eus 2017ko ira. 7a, 15:36
Olaia Aira, Gogoko Goxuak kafetegiko langile ohia.

Olaia Airak (Azpeitia, 1995) Donostiako Gogoko Goxuak kafetegian egin zuen lan ekainaren amaieran. Astebete pasatxoz jardun zuen han, eta lan urraketak salatu dituzte Airak eta beste hainbat langilek. Besteak beste, dagozkien orduak ez dituztela kobratu salatu dute, eta Donostiako langileen Babes Sareak mobilizazioa deitu du larunbaterako.  Ordaindu zor duzuna  lelopean, kafetegi aurrean elkartuko dira, 11:00etan. 

 

Zein da Gogoko Goxuak kafetegiko langileen egoera?

Ohartu gara nagusiek, beti, astebeteko kontratuak egiten dituztela, probarako denboraldi gisa. Guztiak gazteak dira, nire ustez pentsatzen dutelako ez dakizkigula gure eskubideak zein diren. Astebeteko epearen ondoren, batzuk kontratatu egiten dituzte, eta beste batzuk ez. Kontratatzen ez dituztenei, berriz, ez diete ordaintzen. Horrez gain, badago jendea hiru hilabetetan ez duena apenas ezer kobratu. Diru pixka bat ematen diete, eta langileei eskatzen diete denbora batez itxaron dezatela gainontzekoa kobratu arte. Nire kasuan, ez dut dirurik jaso. Bi hilabete pasatu dira han lan egin nuenetik. Ordutik, beraiekin harremanetan jartzen saiatzen ari gara, baina ez dute telefonorik hartzen, ezta korreorik erantzuten. Gainera, badakit nire egoera berdinean beste asko daudela, eta horrek amorrarazi egiten nau.

Uztailean elkarretaratzera joan ginen, enpresari presioa egiteko asmoz. Baina, arduraduna defentsiban jarri zitzaigun orduan, eta esaten genuena gezurra zela esanez alde egiteko eskatu zigun. 

Langile askori eragiten al dio gatazkak?

Aspalditik dator gatazka hau, 2015. urte ingurutik, eta ordutik, langile ugari kexatu da. Batez ere gazteei eragin die. Oro har, astebeteko lanaldiak izan direnez, gazte asko ez dira mobilizatu. Ez dute kobratzen, eta bere horretan uzten dute kontua. Gainera, batzuk kobratu egiten dute, eta beste batzuk ez. 

Nolako harremana duzue nagusiekin?

Egun, harremanik ez dugu. Hasieran, arduradunari deitzen nion noiz kobratuko nuen galdezka, nagusiarekin hitz egiteko aukerarik ez nuelako. Izan ere, arduradunarekin bakarrik genuen hartu emana. Hark, ordea, ezer ez zekiela esaten zuen edo ez zuen erantzuten. Beraien artean komunikazio txarra dagoela esaten zuen.

Behin, nagusiarekin elkartzea lortu genuen, eta horren ondorioz, nire lankideak lortu zuen kobratzea. Baina kontratuan zehaztutako hogei orduak soilik kobratu ditu, eta aparteko orduengatik ez du dirurik jaso. Egun, beraiekin harremanetan jartzen saiatzen gara, baina ez digute erantzuten. 

Soldatak ez ordaindu izanaren inguruan, zer azalpen ematen du enpresak?

Arduradunek aitortu izan dute enpresak zorrak dituela. Egoera txarrean daudela eta ahal dutena egiten ari direla diote. Horrez gain, ukatu egiten dute langileei ordaindu ez izana. Nola izango da, bada, gezurra? Ez da batere ohikoa kafetegi aurrean bost elkarretaratze egitea. 

Zer da aldarrikatzen duzuena? 

Gure ustez, aprobetxatu egiten dira gazteez. Nahikoa da, ordea; enpresa gaizki badoa, itxi dezatela, baina jendea bitartean lanean ari da, eta haiek ez ditzatela zapaldu. Hau da, gure eskubideak errespeta ditzatela eskatzen dugu. 

Auzibidera jotzeko asmoa ba al duzue? 

Kontua da ezin dugula ezer frogatu, kontraturik ez dugulako. Beraz, ezin dugu ezer egin. Sindikatu batera afiliatzeak ere ez du merezi, gureak oso lanaldi laburrak izan zirelako eta zor diguten diru kopurua, berez, txikia delako. Ofiziozko abokatuekin gabiltza, baina haiek denbora gutxi dute guri laguntzeko. Beraz, enpresari presioa egitea besterik ez zaigu geratzen. 

Mobilizazioekin jarraituko al duzue, beraz? 

Bai. Kafetegi aurrean elkartzen jarraituko dugu, jendea informa dadin. Larunbatean egingo dugun protestan, kafetegira sartzen ahaleginduko gara berriz, orain arte kanporatu egin bagaituzte ere. Gutun bat ere idatzi diegu nagusiei, eta erantzunaren zain gaude. Bideo bat ere egin dugu, jendeak jakin dezan zer ari den gertatzen.