AAEren 12x12 lehiaketaren bigarren erakusketa ikusgai, Sanagustinen

Uztarria.eus 2017ko ira. 7a, 12:18

Joan den asteartetik, irailaren 5etik, ikusgai daude Azpeitiko Argazki Elkartearen 2016ko 12x12 barne lehiaketako azken sei hilabeteetako irudiak, Sanagustin kulturgunean.

Parte-hartzaileek hilero argazki bat aurkezten dute (urtearen hasieran aukeratzen diren 12 gaien arabera), eta hilaren bukaeran argazki guztiak elkarteko kideen artean baloratzen dituzte. Amaieran, parte-hartzaile bakoitzak bere argazkia nola eginda dagoen azaltzen du eta bertakoen galderak erantzun.

Sanagustinera gerturatzen direnek 2016eko azken sei hilabeteetako argazki onenak ikusi ahal izango dituzte kulturgunean. Erakusketa irailak 19arte egongo da ikusgai. Honako argazkilari hauen irudiak daude ikusgai: Iñaki Aranburu, Gorka Arregi, Alberto Beloki, Mikel Cagigal, Iñaki Etxenagusia, Valen García, Juan Mari Ibarzabal eta Iñigo Olarte.