Eska daitezke ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzak

Uztarria.eus | Ekonomia | Artikulua
2017-09-06 18:37

Bi sustapen programa eskainiko ditu Lanbidek: enpresa proiektuak ezartzeko diru-laguntzak eta enpresa jarduerak sendotzeko diru-laguntzak. Programa bakoitzaren araberakoak dira diruz lagunduko dituzten kontzeptuak. Enpresaburuek zein banakako profesionalek egin ditzakete eskaerak. Azpeitian Iraurgi Berritzen arduratuko da diru-laguntzak koordinatzeaz.

Ekintzaileei bultzada emateko diru-laguntzak eskainiko ditu beste urte batez Lanbidek, eta dagoeneko egin daitezke eskaerak. Azpeitian eta bailarako herrietan Iraurgi Berritzen garapen agentzia arduratuko da diru-laguntzak koordinatzeaz. Enpresa ideiak edo proiektuak ezartzen laguntzeko eta enpresa jarduerak sendotzeko diru laguntzak eskainiko dituzte.

Enpresa proiektuak edo ideia berriak ezartzera bideratutako diru laguntza eskatzeko, eskatzaileak enpresaburuak edo banakako profesionalak izan daitezke, baita ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak ere, betiere diru-laguntzak nor bere izenean eskatzen baditu. Gainera, honako beste baldintza hauek bete beharko ditu eskaera egin nahi duenak: EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea, Ekonomi Jardueren gaineko Zergan (EJZ) eta autonomoen araubide berezian izena emanda egotea, enpresa jarduerak egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea, EJZn izena emandako egunean lanik gabe eta Lanbideko zerbitzuan enplegu eskatzailea izatea. 

Enpresa proiektuak ezarri nahi dituztenen kasuan, diruz lagunduko diren kontzeptuak honako hauek dira: 

  • Makinak, instalazioak, erremintak, altzariak, informazioa prozesatzeko gailuak, garraio elementuak eta frankizia kontratuak bezalako aktiboak.
  • Inbertsio horiek 5.000 euro edo gehiagokoak izan behar dute, EJZn izena eman baino hiru hilabete lehenago hasi eta EJZn izena eman osteko hiru hilabete igaro baino lehenagoko tarte horretan. 
  • Zeharkako zergak ezin dira diruz lagundu. 

Enpresa jarduerak sendotzeko jartzera bideratutako diru laguntzak eskatzeko, berriz, honako baldintzak betetzen dituzten enpresaburuak, banakako profesionalak eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak izan daitezke onuradunak: EAEn erroldatuta daudenak, Ekonomi Jardueren gaineko Zergan (EJZ) eta autonomoen araubide berezian izena emandakoak, enpresa jarduerak egoitza soziala eta fiskala EAEn dutenak eta diru-laguntzen lerro berean beste laguntzarik jaso ez dutenak. 

Enpresa jarduerak sendotzeko diruz lagunduko dituzten kontzeptuak, berriz, hauek dira: 

  • Langile autonomoen araubide berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. 
  • Proiektuari lotutako komunikazio gastuak: publizitate kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua, inprimaketa eta publizitatea eskuz banatzea. 
  • Web orrien eta sare sozialen diseinua, publizitate bannerrak beste enpresa baten atari digitalean jartzea eta webguneen mantentze lanak.
  • Aholkularitza eta coaching gastuak.
  • Ekintzaileak eginiko prestakuntza ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak. 

Diru-laguntzak eskatu nahi dituztenek urriaren 6ra arte izango dute horretarako aukera, 943-85 11 00 telefonora deituta.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa