Hazi berri bat Garmendipen

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 6a, 14:30
Lagun Onak futbol klubeko emakumeen senior taldea. (Ihintza Elustondo)

Sei urteren ostean, senior nesken taldea berreskuratu du Lagun Onak futbol klubak. "Talde sendoa" osatu dute, eta igoera fasean sartzea dute denboraldiko helburua.

Hazi berri bat erein dute Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Sei urteren ostean, senior nesken taldea berreskuratu du Lagun Onak futbol taldeak. Emakumezkoen futbolari bultzada emateko nahia aspaldi agertu zuen klubak, eta helburu horri tiraka etorri da talde berriaren sorrera. Bidea ez da erraza izan, baina eman dute lehen pausoa: taldea sortzea. Orain, ereindako hazi hori ureztatzea tokatzen da.

2011-2012 denboraldian izan zuen azkenekoz senior mailako emakumeen taldea Lagun Onakek. Adina, ikasketak eta kontu pertsonalak gorabehera, jende gehienak futbola uztea erabaki zuen, eta ordutik taldea berreskuratzeko lanetan aritu da kluba, baina ez da nahikoa jende bildu, aurten arte. "Duela sei urte, jarraipenik egon ez zelako desagertu zen seniorren taldea. Orduan, beheko mailetako jendearekin hasi ginen lanean, haiengan ilusioa sortuz, eta pixkanaka-pixkanaka, neska txiki horiek senior bihurtu dira", azaldu du Marcos Villanueva entrenatzaileak. Azkenean, Azpeitiko eta Errezilgo 21 neskak osatu dute taldea; 1992 eta 2001 urteen artean jaiotakoak dira.

Taldekide gehienak txikitatik Lagun Onaken ari dira futbolean, baina badira kide berriak ere. Horietako lau Zarautzetik etorri dira: Izaro Zinkunegi, Naroa Aiertza, Lorea Rueda eta Jone Bastida. Judith Sagardogi Zestoako taldetik etorri da, eta Ainhoa Bereziartua azken senior taldeko kide izan zen, eta berriz futbolean hastera animatu da. Dena den, guztiak aurrez Lagun Onaken jokatutakoak dira.

Helburua: igoera fasea

Denboraldi berrirako helburuez hitz egin du Villanuevak: "Gure lehen helburuak kategoria berrira egokitzea eta igoera fasean sartzea dira". Olatz Erkizia kapitainaren arabera, orain arteko mailetan ez dute igoera fasean sartzea helburu izan, eta horregatik, "motibazio berezia" dute aurten. "Talde nahikoa sendoa eta indartsua osatu dugu, eta denon helburua da denboraldi on bat egitea. Taldea sortu egin dugu, baina ez dugu nahi sortze hutsean geratzea; orain maila ematea tokatzen da".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.